Azpeitiko Ikastola Ikasberriren eskutik, Azpeitian izango da datorren urteko Kilometroen jaia. Ikastolen aldeko festa Errenterian igaro berritan, 2024ko Kilometroak antolatzeko lekukoa jaso duela jakinarazi du gaur Azpeitiko Ikastola Ikasberrik. "Gogoz eta ilusioz" heldu diote aurrean duten "erronka handiari". Datorren urtean, urriaren 6an izango da Gipuzkoako Ikastolen jaia.
Ikastolaren Artezkaritza Kontseiluak azaldu duenez, Gipuzkoako Ikastola guztiekin eta "hala nahi duten herrikide eta eragile ororekin" egin nahi du bidea, eta ekarpena egin nahi duten guztiak "ongietorriak" izango dira.
Jaiaren bidez, komunitatea indartu nahi du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, eta eskolak aurreratu du datorren urteko Kilometroen zutabe nagusiak "euskara eta euskal kultura" izango direla, herrian hainbat eragilek abian jarri berri duten euskara eta kulturartekotasuna proiektuaren haritik.
Laugarren aldiz
Datorren urtean, laugarrenez hartuko du Azpeitiak Kilometroak jaia. Ikastolen Elkarteak 1977an ekin zion jaialdia antolatzeari, eta handik hiru urtera, 1979an, herrian ospatu zuten. 2000. urtean ere iritsi den Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia Azpeitira, eta azkenekoz, duela hamabi urte ospatu zuten, 2011n.