Iraurgi saskibaloi klubak bi talde nagusiak aurkeztu ditu Loiolan

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 7a, 09:15

Juaristi ISB eta Domusa Teknik ISB saskibaloi taldeen aurkezpena, atzo, Loiolan. (Aitziber Arzallus)

Iraurgiko bi talde nagusiek asteburu honetan ekingo diote 2023-2024 denboraldiari, gizonen Juaristi ISB taldeak Zilarrezko LEB ligari, eta emakumeen Domusa Teknik ISB taldeak Espainiako LF2 ligari. Denboraldia hasi bezperan aurkeztu dituzte taldeak Loiolan, erakundeetako ordezkariekin batera egindako agerraldian.

Beheko mailetatik hasi eta gorengo mailetara, 27 saskibaloi talde ariko dira 2023-2024 denboraldian Iraurgi saskibaloi klubaren izenean. Atzo arratsaldean aurkeztu zituzten gizonen eta emakumeen talde nagusiak Loiolan, Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera egindako agerraldian. Besteak beste, han izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Jon Oteiza kirol batzordeburua, Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea eta Goizane Alvarez kiroletako foru diputatua.

Yon Gonzalezek gidatzen duen gizonen Juaristi ISBk bihar ekingo dio Zilarrezko LEB ligari, 18:00etan hasita, Azpeitiko kiroldegian jokatuko duen norgehiagokarekin.

Joseba Lizarraldek gidatzen duen Domusa Teknik ISBk, berriz, gaur jokatuko du Espainiako LF2 ligako lehen jardunaldia, Lleidaren kontra, Lleidan (Katalunia). 19:00etan hasiko da partida.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide