Loreto Aramendiren eta ARV-Vocemen kontzertuarekin hasi da Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa

Iraia Oteiza 2023ko urr. 7a, 10:30

Loreto Aramendi organo jotzaile oriotarrak eta ARV-Vocem abesbatzak emanaldia eskaini zuten atzo Loiolako basilikan, Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloaren barruan. Datozen bi ostiraletan ere organo zikloko kontzertuak izango dira Loiolan, 19:30ean.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloa, atzo, ostirala hasi zen Azpeitian Loreto Aramendi organo jotzaile oriotarraren eta ARV-Vocem euskal abesbatzaren emanaldiarekin. 19:30ean eskaini zuten kontzertua, Loiolako basilikan. Nazioartean hainbat errezitaldi eskainitako organo jotzailea da Aramendi. Gaur egun, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako Cavaillé-Coll organoaren (1863) organista titularra eta nazioarteko kontzertista da. ARV-Vocem abesbatza, berriz, belaunaldien arteko euskal abesbatza da, orain gutxi sortua.

Datozen bi ostiraletan ere organo zikloko kontzertuak izango dira Loiolako basilikan, 19:30ean. Urriaren 13an, Michel Bouvard organista frantziarraren kontzertua izango da, eta urriaren 20an, berriz, Éric Lebrun eta Marie-Ange Leurent organista frantziarrek kontzertua eskainiko dute lau eskutara. Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloko gainerako kontzertuak Azkoitian eta Bergaran izango dira, gaurtik hasita. 

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide