Aritz Iturbe omenduta, abian da Garagardo Azoka

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 7a, 14:00

Atzo iluntzean zabaldu zituzten ISBren XIII. Garagardo Azokako ateak, eta irekieran, Aritz Iturbe izan zen protagonista, antolatzaileek aitortza egin baitzioten mendian egin dituen balentriengatik. Gaur ere, 20:00etatik aurrera, jan-edanik ezta faltako Azoka Plazan, eta datorren asteazkenean, ostiralean eta zapatuan ere martxan izango da Garagardo Azoka.

Atzo hasi zen Iraurgi saskibaloi taldeak antolatzen duen Garagardo Azokaren XIII. edizioa. 20:00etan zabaldu zituzten Azoka Plazako ateak, baina irekiera ekitaldi ofiziala 21:00ak pasatxoan egin zuten, Aritz Iturbe protagonista zela. Izan ere, ISBk Iturbe omendu zuen azken hilabeteetan eta urteetan mendian egin dituen balentriengatik. Ibon Guridi klubeko presidentearen eskutik ISBko bazkide txartela jaso zuen Iturbek, eta garagardo bana aterata eta topa eginez eman zioten hasiera aurtengo Garagardo Azokari.

Atzokoaz gainera, beste lau egunez egongo da zabalik Garagardo Azoka: gaur eta datorren asteazkenean, ostiralean eta zapatuan, 20:00etatik 02:00ak arte. Jan-edanaz gain, musikarik ere ez da faltako, atzorako ez beste egun guztietarako musika emanaldiak iragarri baitituzte 23:00etan hasi eta azokako ateak itxi bitarterako: gaur, Kanpaxek jarriko du musika; urriaren 11an, Tintzek; urriaren 13an erromeria izango da Manex eta Erkizirekin; eta urriaren 14an, Davila DJak egingo du saioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide