Aldabe-Juanenea eta Ezkurra II.a-Martirena bikoteak nagusi, Azpeitiko Erremonte Txapelketaren lehen jardunaldian

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 7a, 15:59

Lehen partidan, Aldabe-Juanenea bikoteak bi setak irabazi zituen Gurrutxaga-Larrañagaren kontra, eta bigarren partidan, beste horrenbeste egin zuen Ezkurra II.a-Martirena bikoteak, Urriza-Apezetxea bikotearen kontra. Datorren ostiralean jokatuko dute txapelketako bigarren jardunaldia Izarraitz pilotalekuan, 19:00etan hasita.

Atzo arratsaldean ekin zioten Azpeitiko Erremonte Txapelketaren 22. edizioari, Izarraitz pilotalekuan. Lehen jardunaldiko lehen partidan, Aldabe-Juanenea bikoteak Gurrutxaga-Larrañaga bikotearen kontra neurtu zituen indarrak, eta Aldabe eta Juanenea nagusi izan ziren bi setetan, kontrarioak 15-9 eta 15-6 mendean hartuta. Bigarren partidan, berriz, Ezkurra II.a-Martirena bikotearentzat izan ziren Urriza-Apezetxea bikotearen kontra jokatutako bi setak, 11-15 eta 14-15 irabazita.

Datorren ostiralean leku eta ordu berean jokatuko dute txapelketako bigarren jardunaldia. Partida batean, Gurrutxaga-Larrañaga bikotea Ansa II.a-Zubiri bikotearen kontra ariko da; eta bestean, Urriza-Apezetxea bikotea Loitegi-Azpiroz bikotearen kontra.

Ligaxka faseko hirugarren jardunaldia urriaren 20an izango da, eta final handia urriaren 27an, hori ere Izarraitz pilotalekuan, 19:00etan hasita.

Jardunaldi bakoitzerako sarrerak bost euroan eros daitezke leihatilan, baina herritarrek gonbidapenak lortzeko aukera dute Loiolako turismo bulegoan eta ISBren Garagardo Azokan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide