Gertuko magia, Azpeitiko kaleetan barrena

Iraia Oteiza 2023ko urr. 7a, 15:30

Txisteratik Egun Magikoak kalean izan du jarraipena. Era guztietako trikimailuez gozatzeko aukera izan dute gaur eguerdian kalean ibili direnek, zenbait magok gertuko magia ikuskizunak eskaini baitituzte Alde Zaharrean barrena.

Giro ederrarekin eman diote jarraipena asteartean hasitako Txisteratik Egun Magikoari. Eguraldia lagun dela, magia ikuskizunez gozatzeko aukera izan dute Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili diren herritarrek. Izan ere,  urteroko ohiturari jarraituz, 12:30ean hasita gertuko magia egiten aritu dira zenbait mago Azpeitiko plazan zein inguruko tabernetan. Adin guztietako herritarrek gozatu dute magoen trikimailuekin, eta umorerik ez da falta izan.

Bihar izango da Txisteratik Egun Magikoaren azken ikuskizuna: gala nagusia. Soreasu antzokian izango da magiazaleek gehien itxarondako emanaldia, 19:00etan hasita. Honako mago hauek hartuko dute parte saioan: Txinako Huang Zheng-ek, Iagomago azpeitiarrak, Kanarietako (Espainia) Hector Manchak, Elgoibarko (Gipuzkoa) Nialak eta Bilboko Peio Rivasek. Lotura honetan eskura daitezke galarako sarrerak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide