Haizea Urangak debuta egin du Realeko lehen taldearekin ligan

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 9a, 10:38

Haizea Uranga atzoko debutean. (Reala)

Talde txuri-urdinak 3-0 galdu zuen atzo Bartzelonako emakumeen aurka Johan Cruyff zelaian jokatutako partida. Neurketaren azken minutuak jokatzeko aukera izan zuen futbolari azpeitiarrak.

Haizea Uranga azpeitiarrak Realeko lehen taldearekin debuta egin zuen atzo Bartzelonaren aurka Johan Cruyff zelaian jokatutako partidan. Espainiako Lehen Mailako 2023-2024 denboraldiko laugarren jardunaldiko partida izan zen atzokoa, eta talde txuri-urdinak 3-0 galdu zuen etxetik kanpo jokatutako neurketa. Urangak partidako azken minutuak jokatzeko aukera izan zuen; izan ere, Emmaren ordez zelairatu zen erdilari azpeitiarra, 88. minutuan. Modu horretan, Urangak eta Elene Vilesek -hasierako hamaikakoan atera zen Viles- aurrenekoz elkarbanatu zuten zelaia Realaren emakumeen lehen taldean eta goi mailako txapelketan. Mirari Uriak ez zuen atzoko partida jokatu, baina Azpeitiko hiru jokalariek deialdia elkarbanatu zuten.

Europako txapeldunei egindako bisitaren ondoren, Realak garaipena izango du helburu datorren larunbatean Zubietan jokatuko duen bosgarren jardunaldian. Eibar izango du parez pare talde txuri-urdinak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide