Sanjuandegiko Baigera tabernaren kudeaketa lehiaketa publikora atera du udalak

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 9a, 11:53

Baigera IIn egindako ubilatuen Asteko artxibo irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Udalak gehienez lau urterako esleituko du tabernaren jarduna. Baigera II kudeatzeko interesa duen orok bere proposamena aurkezteko aukera izango du urriaren 23a bitarte. 

Azpeitiko Udalak lehiaketa publikora atera du Sanjuandegiko Baigera II tabernaren kudeaketa. Gaur eman du erabakiaren berri, eta taberna hori kudeatzeko interesa dutenek proiektuen proposamenak aurkeztu ditzakete gaurtik urriaren 23ra bitarte Azpeitiko Udalean. 

Udalak jakinarazi duenez, esleipendunak "inguruarekin eta ekipamenduaren ezaugarriekin bat datorren zerbitzua" eskaini beharko du. Honako hauek dira ezarritako ezaugarriak: kudeatzaileak bezeroei euskaraz eman beharko die arreta, bertako produktuak eskaini beharko ditu eta adinekoentzako Baigerako Zuzendaritza Batzordeak ezarritako tarifak aplikatu beharko ditu. Horrez gain, legea betez, adin txikikoei ezingo die alkoholik saldu, ezingo da erre, prezioen zerrenda eta jarduera lizentzia ikusgai izan beharko ditu eta erreklamazio orriak eskura izan beharko ditu, besteak beste.

Baigera IIk gutxieneko ordutegia izango du, hau da 09:30etik 21:00etara irekita eduki beharko da astelehenetik igandera bitartean. Zerbitzuaren kudeatzaileek hilero 300 euroko kanonan ordaindu beharko dute, ohiko gastuez gain. Tabernaren edo jatetxearen esleipena, lau urterako izango da gehienez, hau da, bi urteko esleipena eta beste bi urteko luzapena. 

Proposamenak aurkezteko eta memoria teknikoa garatzeko argibideak behar dituztenek Iraurgi Berritzen agentziara jo dezakete laguntza eske, Sindikatu Zaharreko bulegoetara joanda, 943-02 60 69 zenbakira deituta edo info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide