Garaipenik ez ISBrentzat ligako lehen jardunaldian

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 9a, 12:41

Juaristi ISBk eta Huelvak atzo jokatutako neurketako irudia. (Mikel Amenabar)

Domusa Teknik ISBko neskek larunbatean jokatu zuten denboraldiko lehen neurketa Lleidan, eta 65-60 galdu zuten etxetik kanpo Forca Lleidaren aurka jokatutako partida. Juaristi ISBko mutilek atzo arratsaldean jokatu zuten denboraldiko lehen neurketa Azpeitiko kiroldegian Ciudad de Huelvaren aurka. Juaristikoei ere ihes egin zien garaipenak, 78-84.

Joan den asteburuan hasi dute denboraldi berria Iraurgi saskibaloi klubaren bi talde nagusiek, eta ez gizonek eta ez emakumeek ezin izan dute garaipenik erdietsi. Juaristi ISB Zilarrezko LEB ligan ari da lehian  denboraldi honetan, eta Domusa Teknik ISB Espainiako LF2n. 

Domusa Teknik ISBk etxetik kanpo jokatu zuen Espainiako LF2 ligako lehen jardunaldia larunbatean, 19:00etan, Lleidaren kontra, Lleidan (Katalunia). Joseba Lizarralderen gidaritzapean dauden neskek eskura izan zuten garaipena, baina gertu izanagatik ihes egin zien azken unean. Hain zuzen, markagailua 65-60 zela amaitu zuten neurketa ISBko neskek. 

ISBren emakumeen talde nagusia ia erabat berria da: lau jokalari bakarrik dira aurreko denboraldikoak. Hamabi jokalariko taldea dute aurten, eta horietatik sei Azkoiti-Azpeitikoak dira: Intza Lizarazu, Nahia Esnaola eta Nora Arozena azkoitiarrak dira; Doltza Oiarzabal, Maria Otaegi eta Alazne Lizundia, berriz, azpeitiarrak. Kataluniako talderen bat kenduta, igoal, etxeko jokalari gehien dituen taldea dela nabarmendu zuen Lizarraldek, lehen jardunaldiaren atarian.

Juaristi ISB ere ezin izan zuen garaipena eskuratu etxean jokatutako partidan. Atzo, igandez, jokatu zuten Zilarrezko LEB ligako lehen jardunaldia,  18:00etan, Huelvaren kontra, Azpeitiko kiroldegian. Denboraldiaurrearen ostean, Yon Gonzalez Juaristi ISBren entrenatzaileren estreineko partida izan zen atzokoa, eta haren taldeak ezin izan zuen partidan nagusitu. Berdinduta ere egon ziren une batez, baina partidak aurrera egin bezala, Andaluziako taldea nagusitu zen markagailuan. Azkenean, 78-84 amaitu zuten partida, porrotarekin. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide