Gizonek garaipena, emakumeek berdinketa

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 9a, 12:58

Leioaren eta Lagun Onaken arteko larunbateko partidako une bat. (Lagun Onak)

Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak 1 eta 2 irabazi zuen larunbatean Leioaren kontra; emakumeen talde nagusiak, berriz, banako berdinketarekin konformatu behar izan zuen atzo arratsaldean Hernanin jokatutako partidan.

Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak hiru puntu poltsikoratu zituen larunbat arratsaldean Leioako (Bizkaia) Sarriena futbol zelaian, 1 eta 2 irabazita. Lehen zatian, bi taldeetako inor ez zen nabarmendu, eta gol aukera askorik gabe eta markagailua hutsean zela iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala, ordea, beste kolore bat hartu zuen norgehiagokak. 47. minutuan, Lagun Onaken aldeko korner batean, aldaratutako baloi bat jaso zuen Haitzek; bakar-bakarrik gelditu zen atezainaren aurrean, eta ez zuen barkatu.

Hortik aurrera, zelaian nagusi izan ziren azpeitiarrak, eta hainbat aukeraren ostean, 88. minutuan sartu zuen bigarrena. Ander Bengoetxea izan zen baloia sarera jaurti zuena, Mikel del Albaren erdiraketa bat errematatuta. Bigarrenarekin, bazirudien partida erabakita utzi zutela Iban Fagoagaren mutilek, baina 90. minutuan, area barruan zintzilik gelditutako baloi bat baliatuta, heuren aurreneko gola sartu zuten bizkaitarrek. Azken minutuetan, beraz, pixka bat sufritzea egokitu zitzaien Lagun Onakekoei, baina, azkenean, hiru puntuak etxera ekartzea lortu zurten.

Emakumeen lehen taldeak, berriz, atzo arratsaldean jokatu zuen Hernanin (Gipuzkoa) ligako hirugarren jardunaldiari zegokion partida. Hasi eta berehala, 3. minutuan, markagailua alde jartzea lortu zuten Eguzkiñe Peñaren jokalariek, Irati Olaizola azkoitiarrak sartutako golari esker. Baina aurki etorri zen buelta, hamar bat minutura berdinketaren gola sartu sartu baitzuten hernaniarrek. Handik gutxira, berriz, 30. minutuaren bueltan, Hernaniko atezainari txartel gorria atera zion epaileak, areatik kanpora baloia eskuekin ukitzeagatik, eta norgehiagoka bukatu artean jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuten etxekoek.

Lehen zatian ez zen nabarmentzeko beste gol aukerarik izan, eta bigarren zatian, Lagun Onakekoek aukerak sortu bai, baina ez zuten baloia atera sartzerik lortu. Horrenbestez, banako berdinketarekin, puntu batekin etxeratu ziren Lagun Onakeko emakumeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide