Anbulantzietako langileek salatu dute "greba eskubidea ukatu" dietela

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 10a, 11:04

Azpeitiko OLTeren Elkargo Profesionalaren egoitzaren aurrean jarritako pankarta. (Utzitakoa)

Atzo ekin zioten grebari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek. ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute lanuztera EAEko zerbitzuetan. Dena den, Euskadiko Osasun Larrialdi Teknikarien Elkarteko Azpeitiko egoitzako langileek salatu dute "greba eskubidea ukatu" diela Eusko Jaurlaritzak, "%100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri baititu". 

Hiru eguneko lanuztea abiatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek, "lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea eta erosahalmenari eustea" helburu. Baldintza horiek lortzeko urte eta erdi daramate patronalarekin negoziatzen, baina, "ezer" lortu ez dutenez, greba egitea erabaki dute.Atzo, urriak 9, ekin zioten grebari, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, baina hainbat langilek salatu dute "greba eskubidea urratu" duela Eusko Jaurlaritzak.

Euskadiko Osasun Larrialdi Teknikarien Elkarteko Azpeitiko egoitzako langileek Urola Erdiko herrietan eskaintzen dute zerbitzua, eta haiek jakinarazi dutenez, "Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta ondorioz langile askok ezingo dute greba egin". Hain zuzen, "grebarako eskubidea ukatu" dietela salatu dute.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzet uzten dieten neurrian, atzo, gaur eta bihar egingo dute greba Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek. Bizkaian bero dago giroa, ez baitutuzte Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak errespetatu. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi zuenez, atzo gutxieneko zerbitzuak bete ziren Gipuzkoan eta Araban, baina ez Bizkaian. Osasun Sailak jakinarazi zuen 60 anbulantziak lan egin behar zutela, baina 40 irten zirela soilik, manifestariek ez zietelako irteten utzi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide