Urola Erdiko udalerri denetako ekintzaileek —Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa— Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren diru laguntzak eskatzeko epea urriaren 16an zabalduko dute, eta hilaren 31ra arte izango dute zabalik. Azpeitiko Udala arduratuko da guztien eskaerak kudeatzeaz, eta, beraz, Azpeitiko udaletxean aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek beren eskaerak zein egitasmoak. Bi lerro izango dira laguntza horietan: batetik, negozio ideia bat duten ekintzaleentzako lerroa, eta, bestetik, bideragarritasun plana dagoeneko landuta duten eta jarduera abian jartzeko bultzada behar duten ekintzaileei bideratutakoa. Hautatutako ideien eta proiektuen tutorizazio prozesua azaroaren 7an hasiko dute.
Negozio bat martxan jartzeko ideia duten ekintzaileen kasuan, bi hilabetez negozioaren azterketa lantzeko konpromisoa eskatuko zaie ekintzaileei deialdi horretan, eta adinaren eta generoaren arabera, onartutako eskaeren jabeek 1.000 eta 1.300 euro arteko diru laguntza jasoko dute. Urola Erdiko eskaera guztien artean, zortzi onuradunen proiektuak lagunduko dituzte diruz.
Bestalde, jarduera bat martxan jarri nahi dutenen lerroari dagokionez, hiru hilabeteko dedikazioa eskaintzeko konpromisoa eskatuko zaie eskatzaileei, baita epe hori amaitu ostean enpresa martxan jartzeko ere. Hori horrela gauzatuz gero, adinaren eta generoaren arabera, 1.500 eta 1.950 euro bitarteko laguntza jasotzeko aukera izango dute zortzi ekintzailek.
Eskaerak, Azpeitiko udaletxean
Ekintzaileei zuzendutako diru laguntzetan interesa dutenek hainbat dokumentu aurkeztu beharko dituzte Azpeitiko udaletxean eskaerak izapidetzeko orduan; hain zuzen ere, eskaera orriarekin batera errolda agiria, Lanbiden izena emanda egotearen ziurtagiria, bizitza laborala eta Ogasunean jarduera ekonomikoen zergan, azken urtean, altan egon ez direla adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dira.
Bestalde, negozio bat martxan jartzeko ideia dutenen kasuan, proiektuaren deskribapena aurkeztu beharko dute laguntzetara aurkezten direnek; era berean, jarduera bat abian jarri nahi dutenek bideragarritasun plana aurkeztu beharko dute.