Alex Berasategi, 2023ko Red Bull Illume lehiaketaren finalaurrekoan

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 12a, 17:32

Izarraitz skate parkea, airetik. Red Bull Illumek aukeratutako irudia. (Alex Berasategi)

Akziozko eta kirol arloko irudi ikusgarriak biltzen ditu Red Bull Illume lehiaketak. Hiru hilabetetan milaka argazki bildu dituzte sustatzaileek, eta horietatik 250 argazki aukeratu dituzte finalaurrekoetarako, tartean, Berasategirena. Argazkilari azpeitiarrak Izarraitz skate parkean ateratako argazkia da Red Bull Illumek hautatutakoa. Azaroan jakinaraziko dituzte finalisten izenak. 

Alex Berasategi argazkilari azpeitiarra Red Bull Illum argazki lehiaketaren finalaurrekoetara sailkatu da Azpeitiko Izarraitz skate parkean ateratako irudi batekin. Sona eta kalitate handiko sariketa da Red Bull Illum, eta Berasategik "emozio handiz" hartu du berria. Atzo, urriak 11, jakinarazi zituzten 2023ko Red Bull Illum lehiaketako finalaurrekoetara sailkatutako 250 argazkilarien izenak, eta orduan plazaratu zituzten haien argazkiak. Dagoeneko ikusgai daude horiek guztiak, lehiaketaren atari ofizialean. 

Mundu osoko hainbat txokotako argazkilariek parte hartzen dute Red Bullek sustatutako sariketan, eta akziozko eta kirol arloko irudi ikusgarriak izaten dira protagonistak. Hiru hilabetetan zehar milaka argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, hamar kategoriatan sailkatuta. Alex Berasategi Sormena kategorian ari da lehiatzen. 

Lorpena, bi aldiz berezi

Berasategi "oso pozik" dago lortutakoarekin; izan ere, herriko skate parkean bertan ateratako irudia da saritutakoa, eta horrek "are bereziago" egiten du azpeitiarraren lorpena. Hautatutako irudia airetik ateratako argazkia da, eta konposizio dotorea du. Izarraitz skate parkeko malden ertzek duten formarekin jolastu du Berasategik, eta irudiaren erdian Enaitz Odria azpeitiarra ageri da, skatean. 

Berasategik azaldu duenez, skate parkearen lehen urteurreneko kartela egiteko atera zuen argazkia. "Skate parke berriaren lehen urteurreneko kartelerako irudi bat egitea zen nire asmoa. Kartela egiteko argazki bat ateratzeko eskatu zidaten han ibiltzen diren gazteek, eta bertara joan ginen argazkiak ateratzera. Drona aireratu nuen, eta horrek sormenerako ikuspegi paregabea eman zidan; izan ere, parkearen formak gehiago nabarmentzen dira airetik", azaldu du. Hori dela eta, argazki hori finalaurrekoetarako sailkatzea "hunkigarria" dela aitortu du Berasategik: "Herrian bertan, Azpeitian, ateratako argazki bat eta, gainera, azpeitiar gazte bat agertzen dena, mundu mailan nabarmentzea oso berezia da niretzat". Berasategik azaldu duenez, nazioartean oihartzun handia duen lehiaketa da Red Bull Illum, eta horrek "ateak zabaltzeko aukera" eskaintzen duela uste du.

Azaroan jakinaraziko dituzte zein diren 2023ko Red Bull Illum lehiaketako finalistak. Guztira, 50 argazki hautatuko dituzte finalerako. Berasategi "baikor eta ilusioz" dago. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide