Zumbatoi Solidarioa egingo dute urriaren 21ean, minbiziaren aurka indarrak batzeko

Ihintza Elustondo 2023ko urr. 13a, 15:00

2022ko martxoan egindako Zumbatoia, igerilekuko instalazioetan. (Nerea Uranga)

Urola Ikastolan egingo dute lehen Zumbatoi Solidarioa, 17:00etatik aurrera. Gaztetxoen eta helduagoen saio bana izango dira. Ekintzak elkartasunezko helburua du; izan ere, bertan bildutako dirua Azpeitiko Minbiziaren Aurkako Elkartearentzat izango da. 

Azpeitiko I. Zumbatoi Solidarioa egingo dute urriaren 21ean, larunbatez, herriko zumba irakasle batzuek antolatuta eta Azpeitiko Udalaren, Minbiziaren Aurkako Elkartearen eta beste hainbat eragileren babesarekin. Aurreko urteetan ere egin izan dituzte antzeko ekintzak udal igerilekuko instalazioetan, baina aurtengoan Urola Ikastolako gune estalian jarri dute hitzordua. Ekintzak elkartasunezko helburua izango du; izan ere, bertan bildutako dirua Azpeitiko Minbiziaren Aurkako Elkartearentzat izango da. 

Bi ataletan banatuko dute Zumbatoi Solidarioa. Lehenik, 6 eta 11 urte bitartekoei zuzenduta, familia giroan egingo dute zumba; 17:00etatik 17:45era bitartean egingo dute ekintza hori. Horren ostean, 18:00etan hasita, egingo dute zumbatoia, 12 urtetik gorakoei zuzenduta, eta partaideak 20:00etara bitartean ariko dira dantzan. Irakasle lanetan, berriz, honako hauek ariko dira: Regla Hernandez, Lara Idoeta, Esti Garcia eta Jhonson Cruz.

Ekintzan parte hartzeko, aurrez izena emateko aukera zabaldu dute; horretarako, irakasleekin harremanetan jarri beharko dute interesa dutenek, eta bost euro ordaindu beharko dute inskripzioa. Dena den, egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 16:00etatik aurrera, Urola Ikastolan bertan. 6 eta 11 urte bitarteko gaztetxoek, bestalde, ez dute izena ematerakoan ordaindu beharrik izango.

Antolatzaileek kamiseta arrosa jantzita bertaratzeko deia egin dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide