Domusa Teknik 15 MLK lasterketaren ibilbidea jakinarazi dute

Ihintza Elustondo 2023ko urr. 13a, 11:32

Hainbat korrikalari, 2023ko Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketan. (Ihintza Elustondo)

Maiatzaren 4an, 08:30ean abiatuko dira 26 kilometroko proba egingo duten korrikalariak Azpeitiko plazatik. Zortzigarren kilometroan, lasterketa laburrekoek proba nagusikoekin bat egingo dute, eta, ondoren, bi proben ibilbidea bera izango da. Beraz, Ikasberri ikastolatik Xoxoterako bidea hartuko dute partaide guztiek.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek joan zen hilean jakinarazi zuten datorren edizioan, ohiko ultra trailaz gain, 26 kilometroko proba ere egingo dutela; Domusa Teknik 15 MLK izenekoa, hain zuzen ere. Probak 26 kilometroko distantzia eta 1.400 metroko desnibel positiboa izango ditu. Jendeari lasterketa horrek jakin-mina piztu diola eta, haren gaineko xehetasunak jakinarazi zituzten atzo antolatzaileek.

Lasterketa nagusia, 65 kilometroko distantzia eta 3.700 metroko desnibela dituena, 08:00etan abiatuko da Azpeitiko plazatik, eta proba laburra, berriz, 08:30ean, leku beretik. Zortzigarren kilometroan, lasterketa laburrekoek proba nagusikoekin bat egingo dute, eta, ondoren, bi proben ibilbidea bera izango da. Beraz, Ikasberri ikastolaren aurrean egongo den anoa gune urdinean animoak jaso ostean, Xoxoteko gailurrera igo beharko dute lasterketa laburrekoek ere, luzekoek egingo duten modu berean.

Honako ibilbidea egingo dute Domusa Teknik 15 MLK lasterketan parte hartuko duten korrikalariek: Aizpuru Behekoa, Larrume Txiki, Munoaundi (381 metro), Ikasberri, langa, Xoxote (912 metro) eta Azpeitiko plaza. Antolatzaileek adierazi dutenez, "mendi lasterketetan hasi nahi dutenentzat edota lasterketa motzago batean euren gaitasuna erakutsi nahi dutenentzat aproposa" izango da lasterketa.

Era berean, jakinarazi dute lasterketan parte hartzeko ez dutela eskatuko mediku ziurtagiririk, baina gogorarazi dute "gomendagarria" izango dela mediku azterketa egitea.

Maiatzaren 4an jokatuko dute mendi lasterketaren hirugarren edizioa, eta azken urteotan entzutetsua bilakatu da proba inguruotan. Iaz, esaterako, bi orduren barruan agortu ziren Domusa Teknik 40MLK lasterketarako dortsal guztiak. Azaroaren 16an zabalduko dute bi probetan izena emateko epea, 18:00etan. Lasterketa nagusirako 550 dortsal egongo dira eskuragarri; laburrerako, aldiz, 250.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide