Ansa II.a- Zubiri eta Urriza-Apezetxea nagusi, Azpeitiko erremonte txapelketaren bigarren jardunaldian

Nerea Uranga 2023ko urr. 14a, 11:57

Lehen partidan, Ansa II.ak eta Zubirik osatutako bikoteak bi setak irabazi zituen, Gurrutxagaren eta Larrañagaren kontra, eta bigarren partidan, aldiz, set bana irabazi eta hirugarrena jokatu behar izan zuten Urrizak eta Apezetxeak eta Loitegik eta Azpirozek. Datorren ostiralean jokatuko dute finalaren aurreko ligaxkako hirugarren jardunaldia Izarraitz pilotalekuan, 19:00etan hasita.

Atzo arratsaldean jokatu zuten Azpeitiko 22. Erremonte Txapelketaren finalaren aurreko ligaxkako bigarren jardunaldia, Izarraitz pilotalekuan. Aurreneko partidan, Ansa II.a-Zubiri bikoteak Gurrutxaga-Larrañaga bikotearen kontra neurtu zituen indarrak, eta Ansa II.a-Zubiri bikotea nagusi izan zen bi setetan, aurkariak 15-9 eta 15-6 mendean hartuta. Bigarren partidan, aldiz, Urriza-Apezetxeak eta Loitegi-Azpiroz bikoteek set bana irabazi zuten, eta bost tantoko hirugarren setean erabaki zuten partidaren bikote irabazlea; hala, Urrizak eta Apezetxeak izan ziren garaileak. 12-15, 15-7 eta 5-0 izan ziren bigarren partidako emaitzak.

Datorren ostiralean, urriaren 20an, leku eta ordu berean jokatuko dute txapelketren ligaxkako hirugarren jardunaldia; 19:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Final handia urriaren 27an izango da.

Jardunaldi bakoitzerako sarrerak bost euroan eros daitezke leihatilan, baina herritarrek gonbidapenak lortzeko aukera dute Loiolako Turismo Bulegoan eta ISBren Garagardo Azokan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide