Euritan, baina umorez egin dute Grand Prix ikuskizuna

Andoni Elduaien 2023ko urr. 15a, 09:37

Zezen Beltz asteburuaren barruan, Grand Prix ikuskizuna izan zen atzo arratsaldean Azpeitiko zezen plazan. Euria egin arren, jende asko bildu zen ikuskizunaz gozatzera, eta bertan bildutako dirua Aelam elkarteari eman dio Zezen Beltz elkarteak; Koro Agirrezabalaga elkarte horretako kidea ere zezen plazan izan zen atzo.

Atzo arratsaldean Grand Prix ikuskizuna egin zuten Azpeitiko zezen plazan, Zezen Beltz asteburuaren barruan. Gelditu gabe egin zuen euria, baina horrek ez zuen baldintzatu ekitaldia, eta jende asko bildu zen plazaren harmailetan ikuskizunaz gozatzeko.

Aurtengo Grand Prix ikuskizunean 5.000 euro bildu dituzte, eta diru hori Lam biriketako gaitz sendaezina ikertzera bideratu du Zezen Beltz elkarteak,  Koro Arrizabalaga kide den Elam elkarteari. Arrizabalaga bera ikuskizuna ikusten izan zen atzo arratsaldean zezen plazan, eta oso eskertuta azaldu zen Zezen Beltzen ekimenagatik.

Koloretan taldeka banatuta lau taldek parte hartu zuten atzo arratsaldeko Grand Prix ikuskizunean: Azpeitiko gazteek, Azkoitiko taldeak, Ondarroa-Mutriku taldeak eta Zezen Beltz taldeak. Ahalegin guztiak eginez jardun zuten ikuskizunean egin behar izan dituzten sei jolasetan. Busti-busti eginda, baina umorez aritu ziren, zezen plazara joandako jendearen gozamenerako.

Zezen Beltz asteburuko ekitaldiak gaur ere izango dira. Hona hemen gaurko egitaraua:

Gaur, igandea: 

  • 11:00. Animalia arraza ezberdinen erakusketa, plazan. 
  • 12:00. Oilasko eta txahal saiheski erretzea, plazan.
  • 12:30. Karretoiekin entzierroa, Etxe Zuritik plazara. Ondoren, argazki jendetsua. 
  • 17:15. helduen entzierroa Artzubitik plazara eta buelta. Ondoren zezen bolaztatuak Artzubia kalean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide