Zezen Beltz asteburuaren bigarren eta azken eguna izan da gaur Azpeitian, eta goiz eta arratsaldez izan diren ekintzetan jende asko bildu da. Eguerdian, Urdanetako (Aia) baserri bateko animaliak izan dira ikusgai herriko plazan. Horrez gainera, txahal saiheskiaren eta oilasko errearen pintxoak jateko aukera eskaini dute Zezen Beltz elkartekoek Azoka Plazan jarri duten postuan.
Etxe Zuri aurretik herriko plazara artean karretoiekin entzierroa ere egin dute, 12:30ean, eta hainbat haur eta gaztetxo ibili da karretoien aurretik lasterka. Entzierroa bukatutakoan, 16 urtetik beherakoentzako animalien ekitaldiak arautzearen aldeko elkarretaratzea egin dute Zezen Beltz elkarteak deituta, Marrazki eta pantailen garaietan, hezur haragizkoak kalean leloa zeraman pankartarekin.
Arratsaldean, zezenak atera dituzte kalera Zezen Beltz elkartekoek. Aurrena, 17:15ean hasita, Artzubitik herriko plazara entzierroa egin dute. Segidan, zezenean ibiltzeko aukera izan da Artzubian, eta jende asko bildu da bertan jarri dituzten hesien atzean, zezenean zebiltzanen jolasak ikusteko.