Azaroaren 5erako antolatu dute Udazkeneko 33. Argazki Rallya

Nerea Uranga 2023ko urr. 16a, 11:28

Udazken giroko argazkia. (Azpeitiko Argazki Elkartea)

Argazki rallya egingo den egunean bertan eman beharko da izena parte hartzeko, 09:00etatik 09:30era artean, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan, Dinamoa sormen gunean. Ibilbidea eta gaiak rallyaren egunean jakinaraziko ditu argazki elkarteak.

Udazkeneko Argazki Rallyaren 33. edizioa antolatu du azaroaren 5erako Azpeitiko Argazki Elkarteak. Rallyan parte hartzeko izena egunean bertan eman beharko dute argazkilariek, 09:00etatik 09:30era artean, Dinamoa sormen gunean dagoen argazki elkartearen egoitzan. Parte hartzeko hamar euro ordaindu beharko dira.

Rallyaren ibilbidea eta gaiak egunean bertan jakinaraziko ditu argazki elkarteak, eta 09:30etik 13:30era bitartean izango dute parte hartzaileek argazkiak egiteko aukera. Partaide bakoitzak, gehienez, 36 argazki (jpg formatoan) aurkezteko aukera izango du, kontrol argazkia barne.

Behin rallya bukatutakoan, parte hartzaileek beren txartelak deskargatu ostean, argazkiak aukeratzeko eta lehiaketara aurkezteko aukera izango dute azaroaren 10era arteko epean. Aukeratutako argazkiak argazkiakaae@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dira, partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztuta.

Sariak eta sari banaketa

Udazkeneko 33. Argazki Rallyaren sari banaketa azaroaren 18an, 18:30ean, egingo dute Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan. Guztira, bost sari banatuko dituzte: lehen sarituak, 150 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarrenak, 125 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 100 euro eta garaikurra; herriko lehen sailkatuak, 90 euro eta garaikurra; eta argazki onena egiten duen argazkilariak 60 euro eta garaikurra jasoko ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide