Biak etxean eta biak irabazi

Nerea Uranga 2023ko urr. 16a, 12:32

Lagun Onak eta Goierri Gorriren arteko partida, atzo, Garmendipen.

Asteburu bikaina izan da Lagun Onak futbol klubeko bi talde nagusientzako, bai Hirugarren Mailako taldeak eta bai Emakumeen Ohorezko Erregional mailakoak hiru puntu eskuratu dituzte. Gizonek larunbat arratsaldean jokatu zuten Garmendipen Deustoren kontra; emakumeek, berriz, igande arratsaldean Goierri Gorriren aurka.

Lagun Onak futbol klubaren gizonen zein emakumeen talde nagusiek etxean jokatu dute asteburuan, eta biek ala biek hiruna puntu lortu dituzte.

Hirugarren Mailako Lagun Onakek seigarren jardunaldia jokatu zuen zapatuan Deustoren kontra, Garmendipe futbol zelaian. 3 eta 1 irabazi zuten Fagoagaren mutilek. Neurketan futbolaren bi aldeak ikusi zituzten Lagun Onakeko jokalariek. Lehen zatian, 30. minutura artean, Deustoren jokoari ezin jarraituta eta jokoan ezin asmatuta aritu ziren. 36. minutuan, Deustokoek gola sartu, eta 0 eta 1 jarri zen margakailua.

Atsedenetik bueltan, bigarren zatia bi jokalari eta joko sistema aldatuta hasi zuen Lagun Onakek. 63. minutuan etxekoen lehen gola sartu zuen Jakes Aranbarri jubenil mailako jokalariak. Zaleak lehen gola ospatzen ari zirela iritsi zen bigarren gola, Ariztimuñok eskuinetik baloia erdiratu eta Jagoba Erdoziak aurkarien ate barrura sartu zuen. Hirugarren gola ospatzeko aukera ere izan zuten zapatuan Azpeitiko futbolzaleek. 76. minutuan, Gorka Tapiadorrek ezker hegaletik baloia erdiratu eta Deustokoen atean sartu zuen. 3 eta 1 eginda, poza nagusitu zen Garmendipen.

Zapatuan lortutako hiru puntuei esker, sailkapeneko hirugarren postuan dago Lagun Onak, Beasain eta Portugalete taldeen atzetik. Hurrengo jardunaldia datorren zapatuan, urriaren 21ean, jokatuko du Alaves Cren kontra, 16:00etan, Gasteizko Compañon futbol zelaian.

Garaipena, taldean lan eginda

Emakumeen Ohorezko Erregional mailako Lagun Onakek atzo, igandea, jokatu zuen Goierri Gorriren kontra Garmendipeko belar artifizialeko futbol zelaian, 17:00etan hasita. 1 eta 2 irabazi zuen Eguzkiñe Peñak gidatutako taldeak. Defentsan talde lan handia egin zuten Lagun Onakeko neskek, eta partida exijentea jokatu arren, elkarrekin egindako lan onari esker, garaipena lortu zuten.

16. minutuan lortu zuen lehen gola etxeko taldeak. Albotik baloia atera, eta boleaz sartu zuen gola Malen Astigarraga kapitainak.

Lehen golaren ondoren, Goierri Gorri, jokoan pauso bat aurrera eginda, baloiaren jabe egin zen, baina defentsa lan ona egitea lortu zuten Lagun Onakekoek.

Bigarren zatian ere, aurkariak baloiaren jabe egin ziren, eta Lagun Onakekoek hari eusten egin behar izan zuten lan. 73. minutuan gola sartu zuten Goierri Gorrikoek. 1 eta 1 markagailuan, eta tentsioa areagotu zen bi taldeen jokoan, bietako futbolariek akats ugari eginez.

Etxeko taldeari garaipena eman zion gola partidaren azken minutuetan iritsi zen. Jokaldi bikain baten ondoren, 92. minutuan, Mariak gol ederra sartu zuen Goierrikoen atean.

Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiak datorren asteburuan Real Unionen kontra jokatuko du, etxetik kanpo.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide