Odola emateko txanda online hartu ahal izango da aurrerantzean

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 17a, 09:50

Dagoeneko odol emaileak direnei mezu bat iritsiko zaie eskuko telefonora, eta han agertuko zaien lotura jarraituta, hitzordua online hartu ahal izango dute Gotatanta.eus webgunearen bidez. Aurreko aldiz odola eman nahi dutenek telefonoz hartu beharko dute txanda 943-00 78 84 zenbakira deituta, odola emateko egunaren bezperan edo egunean bertan 08:30etik 13:30era. Hurrengo odol ateraldia hilaren 25ean izango da, 16:00etatik 20:30era, Soreasuko pasabideko parrokiaren lokalean.

Orain arte telefonoz bakarrik zegoen odola emateko txanda hartzea, baina herritarrei gauzak errazteko eta odola emateko antolaketa hobetzeko helburuarekin, aurrerantzean online txanda hartzeko aukera izango da, Gotatanta.eus webgunearen bidez.

Aurretik odol emaileak direnei, mezu bat iritsiko zaie sakelako telefonora, hitzordua har dezaketela abisatuz, eta mezu horretan Interneteko lotura bat jasoko dute, hitzordua har dezaten. Online txanda hartzeko aukera izango dute odola emateko hitzorduaren aurreko ostiral, larunbat eta astelehen goizetan, eta behin ondo datorkien hitzordua aukeratutakoan, baieztatu egin beharko dute. Azpeitiko kasuan, hurrengo odol ateraldia hilaren 25ean izango da, 16:00etatik 20:30era, Soreasuko pasabideko parrokiaren lokalean. Kasu horretan, hilaren 20tik 22ra bitartean egongo da martxan online izena emateko aukera.

Odol emaile berriak direnen kasuan, aurreneko hitzordua telefonoz hartu beharko dute 943-00 78 84 zenbakira deituta, odola emateko egunaren bezperan edo egunean bertan 08:30etik 13:30era. Berriek ez ezik, aurrez odol emaileak direnek ere txanda telefonoz hartzeko aukera izango dute, orain arte egin duten moduan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide