Eizmendi baserriko Idoia Esnaolaren ukuiluak sariak pilatzen jarraitzen du. Udaberrian Akitaniako txapelketan, eta udan Gipuzkoako eta Espainiako sari nagusiak eskuratu ondoren, Euskadiko 27. Blonda Txapelketan ere nagusi izan dira Esnaolaren eta haren familiaren ganadutegiko abelburuak.
Joan den igandean jokatu zuten azken txapelketa hori Markina-Xemeinen (Bizkaia) –Azpeitiarekin txandaka antolatzen dute han blonda txapelketa–, Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiaren barruan, eta Eizmendiko abereak izan ziren sari gehien batu zituztenak: hamar sari banatu zituzten Markina-Xemeingo lehiaketan, eta horien erdiak, bost, eskuratu zituzten Esnaolaren eta haren familiaren abelburuek: txahalik gabeko 5 urtetik gorako behien bi sariak jaso zituzten Eizmendikoek, A saria Laiarekin eta B saria Nekanerekin; txahalik gabeko 4 eta 5 urte arteko behirik onenarena, Palomarekin, eta 3 eta 5 urte arteko behi txahaldunarena ere bai, Pilirekin; eta Eizmendikoen Tania izendatu zuten 18 eta 24 hilabete bitarteko urruxa onena.