Xabier Iturralde errekortari azpeitiarrak garaipen berri bat eskuratu du asteburu honetan, Ander Lizarralde billabonatarra bikote zuela. Hain zuzen ere, joan den igandean jokatu zen Errekortarien Espainiako XL. Uztai Txapelketa Zaragozako (Espainia) Misericordia zezen plazan, eta Iturralderentzat eta Lizarralderentzat izan zen garaipena.
Abuztuan heldu zion berriz ere Iturraldek uztaien txapelketei eta igandean saio bikaina egin zuen bai berak eta baita bikoteak ere, Marcen ganadutegiko behien aurrean. Uztai munduko hamaika bikote onenak lehiatu ziren txapelketan eta zortzi mila lagun inguru bertaratu ziren ikuskizunera.
Azken faserako txartela lortu zuten finalaurreko saioan behiaren adarrean hiru uztai sartuta. Finalean, berriz, Rastrerilla behia izan zuten aurrez aurre, eta guztira lau uztai sartu zituzten, garaipena eskuratuz. Txapelketa irabazi ostean "oso pozik" eta "ezin sinetsita" dagoela aitortu du Iturralde gazteak: "Izugarria izan zen igandean plazan bizitakoa".