Datorren igandean azkenengoz entzungo dira autoen marruak Urrakiko mendatean, 1978tik haren antolatzaile izan den Lagun Artea eskuderiak lasterketa beteranoa prestatzeari utziko baitio, azken hiru hamarkadetan lasterketak prestatzen aritu den Joxean Aranetak eta 45 urtez gidari lanetan aritu dena Joxe Labakak atseden hartzea erabaki ondoren. Dena den, taldeak ateak irekita utzi ditu errelebo aldaketarako, batez ere gazteei dei eginda: "Asko poztuko ginateke gazteak proba antolatzera animatuko balira. Afizioa badago, jende gazte asko dago honen guztiaren inguruan, eta denen artean zerbait egingo genuke".
41. aldiz eta printzipioz azkenekoz jokatuko den probaren atarian, azken agerraldia egin zuen atzo iluntzean Lagun Artea eskuderiak igandeko lasterketa aurkezteko. Ohi bezala, hango kideek ondoan izan zituzten automobilismo federazioetako zein udal ordezkariak. "Ailegatu da eguna" esanez hasi zuen aurkezpena lasterketaren zuzendari Jorge del Cidek, aretoan elkartutakoek begiak Aranetaren eta Labakaren gainean jarrita zituztela. Hunkituta hitz egin zuten guztiek, baita agurreko bi protagonistek ere. "Txikitatik izan dut automobilismoarenganako zaletasuna. Garai hartan ere igarotzen ziren lasterketak hemendik, eta errepidearen ondoan jaiotakoak garenez, beti genuen zarata. Antolatzaile moduan ere betidanik gustatu izan zaigu saltsa hori. Autokros pirata batzuk egiten hasi ginen lehenik, eta federazioaren bitartez txapelketa bat egitera igaro ginen", gogoratu zuen Aranetak. Antzeko hitzak izan zituen Labakak ere, eta bereziki eskerrak eman zizkion Aranetari: "Izugarrizko zortea izan dut urte hauetan guztietan inguruan izan dudan jendearekin; beti laguntzeko pronto izan ditut. Baina bat nabarmendu nahiko nuke: Jose Antonio. Modu eta erabaki guztietan lagundu nau, eta bera gabe gu hemen ez ginatekeen egongo".
77 gidari
"Emozioz betetako proba" izango da Aranetaren eta Labakaren agurrekoa, eta duela 41 urte hasitako etapa "aho zapore gozoarekin" ixtea espero dute antolatzaileek eta laguntzaileek, Jon Oteiza udaleko Kirol batzordeburuak aurkezpenean azaldu zuenez. Izen ematearekin, behintzat, gustura dira antolatzaileak: 77 gidari lehiatuko dira lasterketan, eta han izango da Joseba Iraola faboritoa, E2-SC kategoriako Europako txapeldun izendatu berritan. Turismoetan, berriz, "borroka" espero du Lagun Arteak. "Igor Urien aurtengo liderra da, eta Iñaki Alberdi gainditzen saiatuko da".
Herriko ordezkaritza "zabala" izango du lasterketak, Azpeitiko eta inguruko 22 pilotu arituko baitira lehian: Azpeitiko Iñaki Alberdi, Joxe Labaka, Ibon Otaegi, Iokin Agirre, Gorka Otaegi, Ioritz Buldain, Xabat Egurza, Enaitz Etxeberria, Garikoitz Zubizarreta, Iosu Mate, Iosu Alberdi, Eneko Alkorta eta Eneko Olaizola; Azkoitiko Iosu Beitia, Iraitz Olariaga, Ibon Beitia, Mikel Aizpuru, Mikel Odriozola, Egoitz Lizarralde, Mikel Madinabeitia eta Joseba Aldaya; eta Errezilgo Gurutz Agirretxe lehiatuko dira Urrakiko maldetan. Horiez gain, Maria Aranberri nuarbetarra izango da proban parte hartuko duen emakume bakarra, eta hark debuta egingo du Urrakin.
Igandean, azken hitzordua
Igandean, 10:00etan hasiko da programatutako entrenamendu txanda bakarra, eta ondoren txapelketarako puntuagarriak diren bi txanda ofizialak jokatuko dituzte. 14:00etan izango da sari banaketa, Antzibar industrialdean. Ohi bezala, bezperan egingo dituzte egiaztapen teknikoak, 15:00etan, Azpeitiko Epaitegiaren aurreko plazan.
Beste behin, antolatzaileek zaleei dei egin diete komisarioen aginduak eta jendearentzat debekatuta dauden lekuak errespeta ditzaten, eta gogorarazi dute debekatuta dagoela ibilbide osoan zehar aparkatzea.
Lasterketaren emaitzak zuzenean jarraitu nahi dituztenek horretarako aukera izango dute fotomotor.es webgunean.