'O corno' eta 'Richard la cigüeña y la joya perdida' filmak, igandetik aurrera Soreasun

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 19a, 09:00

'O corno' filmaren irudi bat.

Igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan emango dute aurtengo Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi duen lana; eta igandean 16:30ean, berriz, umeentzako animaziozko filma. Sarrerak eskuragarri daude Kulturazen webgunean.

Datorren igandean eta astelehenean ere izango da zinemaz gozatzeko aukera Soreasu antzokian. Aipatutako bi egunetan, urriaren 22an 19:30ean eta 23an 21:00etan, emango dute Jaione Camborda zuzendari donostiarraren O corno, aurtengo Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi duen Galizian egindako filma. Igande arratsalderako bereziki umeei zuzendutako emanaldia ere antolatu dute: Richard la cigüeña y la joya perdida animaziozko filma botako dute, 16:30ean. Hiru emanaldietarako sarrerak eskuragarri daude Kulturaz.eus webgunean.

1970eko hamarkadaren hasieran Galizian kokatutako drama da O corno eta Janet Novas da aktore nagusia. Honela dio Donostian film onenaren saria jaso duen filmaren sinopsiak: "Illa de Arousa, 1971. Itsaskia biltzen bizimodua ateratzen duen emakumea da Maria. Halaber, ezaguna da arreta eta ardura bereziarekin uhartean beste emakume batzuei erditzean laguntzeagatik. Ustekabeko gertaera baten ondoren, ihes egin beharko du eta bere biziraupenaren alde borrokatuko duen bidaia arriskutsu bati ekingo dio. Bere askatasunaren bila, Mariak Galizia eta Portugal arteko kontrabandisten ibilbideetako batetik muga zeharkatzea erabakitzen du".

Richard la cigüeña y la joya perdida, berriz, Benjamin Quabeck-ek eta Mette Rank Tangek zuzendutako animaziozko film alemaniarra da. Hau da sinopsia: "Richardek, zikoina familia batek adoptatutako txolarreak, Afrika iparraldeko Aintzira Handian igarotzen du negua. Konturatzen denean ez duela berak gidatuko iparraldera itzultzeko bere taldea, Richardek hegan egitea erabakitzen du bere kasa bidaiatzeko, eta Samia eta bere txolarre saldoarekin topo egiten du, Zamano indioilar gutiziatsuaren kontrolpean marabus gaizto batzuen gatibu daudenak. Txolarreentzat askatzeko aukera bakarra igarkizun bat konpontzea eta Harribitxi Handia aurkitzea da. Horretarako, talde lana, konfiantza eta, batez ere, sporken trebetasunak (txolarrea + zikoina) beharko dira".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide