Lazo arrosak udaletxeko balkoi nagusian, Bularreko Minbiziaren Egunean

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 19a, 12:17

Minbiziaren aurkako eta Katxalin elkarteen lazoak, gaur, udaletxean. (Azpeitiko Udala)

Osasun Ibilbideak programan parte hartzen duten herritarrek ere bat egin dute egunarekin, gaurko ibilaldia jantzi arrosak soinean dituztela eginez. Zapatuan, berriz, Zumbatoi Solidarioa egingo dute, minbiziaren aurkako astea borobiltzeko.

Gaur, urriaren 19a, Bularreko Minbiziaren Mundu Eguna da, eta Azpeitiko Udalak eta erakundeak bultzatutako Osasun Ibilbideak programak bat egin dute gaurko egunaren aldarriekin.

Horrela, udaletxeko balkoi nagusitik bi lazo arrosa zintzilikatu dituzte, Minbiziaren Aurkako eta Katxalin elkarteenak, gaixotasun hori pasatzen ari diren azpeitiarrei "elkartasuna" adierazteko. Osasun Ibilbideak programa parte hartzen duten herritarrek, berriz, astean egiten dituzten bi ibilaldietako bat baliatu dute beren elkartasuna agertzeko, arrosaz jantzita.

Zapatuan, Zumbatoi Solidarioa

Bularreko minbiziaren egunaren bueltako elkartasun eta kontzientziazio ekintzak etzi, zapatua, borobilduko dituzte aurten herrian, Azpeitiko I. Zumbatoi Solidarioarekin.

Udalaren, Minbiziaren Aurkako Elkartearen eta beste hainbat eragileren babesarekin egingo dute zumbatoia Urola Ikastolaren kirolgune estalian, 17:00etatik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide