Berrikuntzak izango ditu gaurtik aurrera ostiraletako azokak

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 20a, 11:22

Ostiraletako azokako salmenta postuak, joan den iraileko II. Topaketa Ekologikoaren egunean. (Mailo Oiarzabal)

Bezeroen artean zozketak egingo dituzte aurrerantzean ostiral arratsaldero Azoka Plazan. Horrez gain, hilean behin Osoa Cooking-eko sukaldari batek azokako lehengaiekin plater desberdinak prestatuko ditu eta horiek dastatzeko aukera izango dute Azoka Plazara joaten direnek.

Ostiral arratsaldero Azpeitiko eta bailarako hainbat ekoizlek Azoka Plazan egiten duten azokari bultzada berria emango diote gaurtik hasita baserritarrek beraiek eta Elikaguneak, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.

Bi berrikuntza nagusi iragarri dituzte ostiraletako baserritarren azokarako. Batetik, azokako bezeroen artean zozketak egingon dituzte astero, gaurkoarekin hasita. Ostiraletako azokan erabiltzeko bost euroko balioa eta Elikagunean bi edari kontsumitzeko balioa duten bost bonu zozketatuko dituzte, hain zuzen ere, astero.

Horrez gain, hilean behin Osoa Cooking-eko sukaldari batek azokako lehengaiekin plater desberdinak prestatuko ditu eta horiek dastatzeko aukera izango dute ostiral arratsaldetan Azoka Plazara joaten direnek. Gaur zortzi, urriaren 27an, izango da Osoa Cookingekoekin lehen hitzordua; eta azarokoa ere zehaztu dute, datorren hilaren 24ko ostiraleko azokarako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide