Soreasura joandakoen elkartasuna jaso du Murtaza Ghulamek

Ihintza Elustondo - Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 20a, 16:45

Ishaq Akhond, Murtaza Ghulam eta Alex Txikon, atzo Soreasun. (Ihintza Elustondo)

Zamaketarien lanaz eta baldintza gogorrez hitz egin zuten atzo Ghulamek berak eta Ishaq Akhondek, Broad Peaken ezbeharra izandako pakistandarrentzat laguntza bideratzeko ekitaldian.

Herenegun Altsasun (Nafarroan) ekindako elkartasun agerraldien sokako bigarren saioa izan zuen atzo Azpeitian Murtaza Ghulam gazte pakistandarrak. Uztailean Broad Peak mendian ezbehar larria izan eta hark eragindako izozketa larrien ondorioz kaltetutako hatzetan ebakuntza egin eta astebete pasatxora, ebakuntza hori eta behar duen babes guztia eskaintzeko laguntzen ari zaizkion Alex Txikonekin eta Ishaq Akhondekin batera igo zen Ghulam Soreasuko agertokira; antzokia ez zen bete, baina dozenaka lagunek egin zuten bat Ghulami elkartasuna adierazteko.

Txikonen aurkezpen eta azalpen hitzen ondotik, goi mendietan espedizioekin lan egiten duten zamaketarien eta bestelakoen bizimoduaz eta baldintza gogorrez hitz egin zuten atzo Ghulamek eta Akhondek. Ikus-entzuleen artean zegoen euskal mendizale batek ere eman zuen bere lekukotza. Ghulamek ezbeharra izan zuenean Broad Peaken zebilen hura ere, eta Ghulam abandonatu zuten mendizale mexikarrekin topo egin zuen, artean zamaketariarekin gertatutakoa ez zekiela. Ghulamen bezeroen "hoztasuna" azpimarratu zuen, eta egunotan Euskal Herrian dabilen pakistandarrari gertatutakoaren modukoak eragozteko gakoa neurri handi batean zortzi milakoak egitera joaten diren espedizioen esku dagoela nabarmendu zuen.

Datozen egunetan ere herriz herri ibili dira Ghulam eta lagunak hitzaldiak ematen. Bizkaia aldean ibiliko dira nagusiki –Galdakao, Lemoa, Balmaseda, Etxebarri...–, ikastetxe batzuetan ere izango dira, eta Espainia aldean ere badute hitzorduren bat hitzartuta, Zaragozan, esaterako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide