Aldabe-Juaneneak eta Ezkurra II.a-Martirenak jokatuko dute Azpeitiko Erremonte Txapelketaren finala

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 21a, 09:19

Aritz Juanenea atzoko partidan, Izarraitzen. (Mailo Oiarzabal)

Atzo, sailkatze ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldian, bi bikote finalistek 2-0 irabazi zuten, Aldabek eta Juaneneak Ansari eta Zubiriri, eta Ezkurrak eta Martirenak Loitegiri eta Azpirozi.

Aldabe eta Juanenea Ezkurra II.arekin eta Martirenarekin lehiatuko dira Azpeitiko 22. Erremonte Txapelketaren finalean. Datorren ostiralean, urriaren 27an, jokatuko dute finala Izarraitz pilotalekuan, 19:00etan hasiko den jaialdiaren barruan.

Atzo arratsaldean, sailkatze ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldian, erabaki ziren finalisten izenak. Lehen partidan, Aldabek eta Juaneneak Ansarekin eta Zubirirekin neurtu zituzten indarrak. Aurreko bi jardunaldietako emaitzen ondoren, atzoko partidaren aurretik bazekiten irabazten zuenarentzat izango zela finalerako txartela. Lehen setean, 15-11 nagusitu ziren Aldabe eta Juanenea. Are estuagoa izan zen bigarren seta, tanto bakarraren aldearekin (15-14) erabaki zen, baina hori ere Aldaberen eta Juanenearen aldera joan zenez, 2-0 emaitzarekin bukatu zen neurketa, eta Aldabek eta Juaneneak finalean izango direla ospatu ahal izan zuten.

Finalerako txartela lortzeko kalkulu gehiago behar zituzten Ezkurra II.ak eta Martirenak atzoko bigarren partidan, baina azkenean lortu zuten helburua. Finalean ariko den beste bikoteak ere 2-0 irabazi zuen bere partida; lehen seta aise irabazi zuten Ezkurrak eta Martirenak (15-4), eta bigarrenean Loitegik eta Azpirozek lan handiagoak eman zizkieten arren (15-13), ez zuten nahikoa izan neurketa hirugarren seteraino eramateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide