Trikigirorekin bada giro

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 21a, 10:35

Ia 300 trikiti eta pandero jotzaile elkartu ziren atzo arratsean Azpeitian VIII. Trikigiro Egunean. Sanagustinpean aurrena eta kalez kale gero, festa giroa barreiatu zuten Alde Zaharrean, hitzordua Sanagustinen afariarekin eta erromeriarekin borobiltzeko.

VIII. Trikigiro Egunak ere ez du hutsik egin. Atzo, urrian Azpeitian ezinbesteko bihurtzen ari den trikitilarien topaketa jendetsuak festa giroz jantzi zuen iluntzean herriko Alde Zaharra. Azpeiti bertakoak eta bailarako herrietatik etorritakoak gehienak, baina baita Gipuzkoako beste zenbait herrietakoak ere, ia 300 musikari elkartu ziren soinuak eta panderoak astintzeko.

19:00etan hasi zen Trikigiro, trikiti eta pandero ikasleen emanaldiekin. Aurten, Sanagustin kulturguneko oholtza txikian egin beharrean, Sanagustinpean jarritako agertokian egin zituzten emanaldiok ikasleek. Guztira, taldez talde, 160 ikasle igo ziren oholtzara, arkupean eta arkupetik kanpora ere tokia aurkitu zuten dozenaka ikus-entzuleen gozamenerako.

Oholtza gainekoek ordubeteko saioa osatzea aurreikusia zuten Trikigiro elkarteko antolatzaileek, baina beste ordu erdi pasa ere iraun zuen, azkenean, Sanagustinpekoak. Horrela, 20:30ak ondo pasatuta bete zuten iluntzeko bigarren hitzordua: Trikigiro Eguneko parte hartzaile guztiak plazan elkartuta, eguneko argazki jendetsua atera zuten, kalejirari ekin aurretik. Plazatik Perez Arregi plazatxoraino joan ziren guztiak kalejiran, baina Perez Arregin ohiko geldialdirik egin gabe itzuli ziren Erdikalean gora, berriro plazarako bidean.

Kalekoa bukatu ondoren, Sanagustin kulturgunean afariarekin eta erromeriarekin jarraitu zuten festan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide