Musika, dantza, jolasa, izerdia eta umore ona nagusi izan ziren atzo arratsaldean Urola Ikastolako kirolgune estalian. Han, 17:00etan hasita, lehendabizi umeak eta gero helduak, dozenaka lagun aritu ziren zumban, Azpeitiko I. Zumbatoi Solidarioaren deiari erantzunez. Joan den ostegunean, urriaren 19an, izan zen Bularreko Minbiziaren Mundu Eguna, eta data hori dela-eta antolatu zuten atzoko saioa hainbat zumba irakaslek, Azpeitiko Udalaren eta Minbiziaren Aurkako Elkartearen babesarekin.
250 lagun inguruk egin dute bat minbiziari aurre egiteko dirua biltzeko eta kontzientzia zabaltzeko egitasmo horrekin, eta horietako askok parte hartu zuten atzoko zumbatoian. Kolore arrosa, emakumeak eta elkartasuna gailendu ziren Urola Ikastolako saioan.