Etxetik kanpo emaitza kontrajarriak Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 22a, 09:45

Lagun Onaken hasierako hamaikakoa atzo, Ibaian, Alaves C-ren kontrako partida hasi aurretik. (Lagun Onak)

0-1 irabazi zion Hirugarren Mailako taldeak Alaves C-ri eta zapatua sailkapenaren buruan bukatu zuen. Ohorezko Erregional Mailan, aldiz, Azpeitiko taldeak 3-1 galdu zuen Mariño Real Union liderraren zelaian.

Etxetik kanpo aritu dira asteburu honetan Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiak, eta emaitza kontrajarriak lortu dituzte.

Espainiako Hirugarren Mailan indartsu ekin dio denboraldiari Lagun Onakek. Oraindik ez du partidarik galdu, eta atzo, zazpigarren jardunaldian, bosgarren garaipena lortu zuen, Alaves C-ren etxean 0-1 irabazita. Borroka eta lan asko eginda batu zituen hiru puntuak atzo Iban Fagoagak zuzentzen duen taldeak. Indartsu hasi ziren etxekoak, baina ondo eutsi zion atzean Lagun Onakek, eta gainera, kontraerasoan min egitea lortu zuen. 20. minutuan, penalti egin zioten Iñigo Ariztimuñori, eta Jagoba Erdoziak ez zuen alferrik galdu neurketako gol erabakiorra izango zena egiteko aukera. Hortik aurrera, baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena areagotu zituen etxeko taldeak berdinketaren bila, baina Azpeitiko taldea oso serio eta txukun aritu zen defentsa lanean, eta lan asko eginda, baina estutasun gehiegirik gabe eutsi zion abantailari. Bost garaipen eta bi berdinketa batuta, 15 puntu ditu Lagun Onakek; eta gaur Portugaletek eta Beasainek elkarren kontra egiten dutenaren zain, zapatua sailkapenaren buruan bukatu zuen Fagoagaren taldeak. Datorren asteburuan Añorga hartuko du Garmendipen.

Gizonek lidergoan jarri zituen garaipena lortu zuten bitartean, Lagun Onakeko emakumeek ezin izan zuten etekinik atera Ohorezko Erregional Mailako liderraren zelaian. Ligako lehen lau jardunaldiak beste horrenbeste garaipenekin gaindituak zituen Mariño Real Unionek, eta bosgarrena ere garaipenarekin borobildu zuten, Lagun Onak 3-1 mendean hartuta. Neurketa hasi eta berehala, 3. minutuan, iritsi zen Mariñoren lehen gola, eta atsedenaldiaren aurretik iritsi zen 2-0ekoa. Aldapa gogorrari aurre egin behar izan zion Lagun Onakek bigarren zatian. Lehen zatian baino hobeto aritu ziren Azpeitikoak, baina hala ere, etxekoek egin zuten hirugarren gola. Lagun Onaken gol bakarra penalti jaurtiketatik egin zuen Malen Astigarraga kapitainak. Eguzkiñe Peñaren taldeak 7 punturekin jarraitzen du, beraz, sailkapenaren bederatzigarren postuan. Datorren jardunaldian Intxaurdiren kontra jokatuko du, Garmendipen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide