Promozio mailako Lau eta Erdikoaren finalaurrekoak jokatuko dituzte Alberdi II.ak eta Egigurenek

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 22a, 11:16

Unai Alberdi, artxiboko irudian. (Baiko)

Bigarren bukatu dute sailkatze ligaxkako A eta B taldeetan, hurrenez hurren. Egigurenek Exposito izango du aurkari azaroaren 1ean, Berrizen; eta Zubizarretaren kontra jokatuko du Unai Alberdik, azaroaren 3an.

Unai Alberdik eta Julen Egigurenek Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte.

Asteburu honetan bukatu da sailkatze ligaxka. Alberdi II.ak azken jardunaldia jokatu beharrik ez du izan; Gaskueren kontra aritzekoa zen, baina nafarrak ez jokatzea erabaki eta, horrela, azpeitiarrak finalaurrekoetan sartzea lortu du, A multzoan bigarren sailkatuta. Egigurenek, berriz, 22-11 gainditu zuen herenegun Bilboko Deportivon Jon Alberdi, txapelketan lehiatu den hirugarren azpeitiarra; atzo Zubizarretak Matari 22-8 irabazita, Egigurenenek bigarren postuan bukatu du B multzoko ligaxka, eta horrenbestez, finalaurrekoak jokatuko ditu. Jon Alberdik, aldiz, ligaxkako hiru partidak galdu ditu eta ezin izan du txapelketan aurrera egin.

Finalaurrekoetan, Egigurenek Exposito izango du aurkari, A multzoko lehena, azaroaren 1ean, Berrizen (Bizkaia). Unai Alberdik, berriz, B multzoan jokatutako hiru partidak irabazi dituen Zubizarretarekin neurtuko ditu indarrak, azaroaren 3an; momentuz, ez dute zehaztu partida hori non jokatuko duten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide