Aurkezpeneko iragarpenak berez berezi bihurtzen zuen gaurko autoen Urrakiko 41. Igoera, eta kirol emaitza batu zaio edizio berez bereziari. Probaren azken aldia izan daitekeenean, marka berria ezarrita irabazi du Joseba Iraolak (Nova NP-01): 00.02.45ean osatu ditu bizkaitarrak auto lasterketaren bi txandak, eta bera izan da hiru minuturen azpitik ibili den bakarra.
Beste formula bat, Aitor Mansorena (Talex M3), izan da bigarrena podiumean, eta Igor Urienek (Citroen AX E2) Iosu Beitiaren Speed Car-ari aurrea hartu dio, ehunen gutxirengatik, turismoen mailan lehen postuan sailkatzeko eta sailkapen nagusiko podiuma osatzeko. Iñaki Alberdi azpeitiarra (Porsche 911 GT3) izan da bigarren azkarrena turismoetan, eta bosgarren sailkatu da guztira. Beste hiru azpeitiar ere sartu dira lehen hamarren artean: zortzigarrena izan da Ibon Otaegi (BMW M3 E46), bederatzigarrena Iokin Agirre (BMW M3), eta hamargarren postua lortu du Joxe Labakak (Mitsubishi Lancer EVO V) agurreko lasterketan. 68 gidarik bukatu dute proba eta zazpik utzi behar izan dute bukatu aurretik. Maria Aranberrik (BMW E36) itxi du gaurkoan sailkapena; Urrakin estreinatu eta lasterketako emakume bakarra izan da nuarbetarra.
Bertsoak eta txapelak omenaldian
Sari banaketa ekitaldia ere berezia izan du aurten Urrakiko Igoerak. Eguneko irabazleei itzal egin diete Joxe Labakak eta Joxe Antonio Aranetak.
Pilotuak eta Lagun Artea eskuderiaren buruak gaurkoarekin agurtu dituzte beren kirol ibilbideak, eta hainbat oroigarri eta esker on osoa jaso dituzte sari banaketaren tartean. Besteak beste, txapel bana jantzi diete, eta Beñat Lizasok bertso bana ere eskaini die.