Animazioa landuko dute Grafiaz Betea egitasmoaren barruko bigarren saioan

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 23a, 15:56

Stencil teknika landu zuten aurreko Grafiaz Betea saioan. (Kulturaz)

Ostegunean egingo dute Grafiaz Betea ekimenaren barruko bigarren saioa. Izibene Oñederrak zuzenduko du tailerra. Izen-ematea irekita dago, eta asteazkenean itxiko dute.

Grafiaz Betea egitasmoaren barruko bigarren saioa egingo dute ostegunean, hilak 26, Dinamoa sormen gunean, eta animazioa landuko dute bertan. Hain zuzen, Izibene Oñederra azkoitiarrak gidatuko du animazioari eskainitako esperientzia grafikoa, 18:00etan hasita. Oñederra animazio filmen egilea da, eta teknika horren atzean ezkutatzen diren askotariko jakingarriak, teorikoak zein praktikoak, azalduko ditu osteguneko saioan. 

Arte Ederretan lizentziatua eta irakaslea da Izibene Oñederra, eta bere eskuin eskuaren mugimendutik sortzen eta ekoizten ditu animazio filmak. Elementu abstraktuak eta figuratiboak lantzen ditu nagusiki azkoitiarrak, eta animazio teknika horiek esperimentazio filmera eraman gero.

Animazioari eskainitako tailerrean parte hartzeko izena eman behar da aurrez, eta horretarako aukera irekita dago. Asteazkenean, hilak 25, itxiko dute izen-ematea. Saioa bi ordukoa izango da, eta bertan parte hartu nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dute. Izen-ematea honako lotura honetan egin daiteke. 

Irudiak sortzeko erabiltzen diren grafia guztiak ezagutzeko tailerra da Grafiaz Betea, eta aurten bigarren edizioa antolatu du Kulturaz kooperatibak. Joan zen irailean egin zuten bigarren aldiko lehen saioa, eta bertan Stencil teknika landu zuten, Patxi Juaristiren eskutik. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide