Etxebizitza Sindikatua sortu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 24a, 09:26

Azpeitiko etxebizitza batzuk. (Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatua)

Azaroaren 3an aurkeztuko dute Etxebizitza Sindikatua Azpeitian. Azoka Plazako aretoan egingo dute aurkezpena 18:30ean. Bertan, "eskualdeko datuak eta horien inguruko analisiak zein ondorioak" plazaratuko dituzte. "Etengabe mehatxatuak diren bizi-baldintzen alde borrokatzeko eta etxebizitzaren alorrean ematen diren erasoei aurre egiteko" asmoz eratu dute Etxebizitza Sindikatua.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatua sortu du, eta horren aurkezpenak egingo ditu datozen asteetan eskualdeko herrietan. Azpeitian azaroaren 3an, ostiralez, egingo dute aurkezpena, 18:30ean, Azoka Plazako aretoan. 

Kontseilu Sozialistak azaldu duenez, "etengabe mehatxatuak diren bizi-baldintzen alde borrokatzeko eta etxebizitzaren alorrean ematen diren erasoei aurre egiteko" asmoz eratu dute Etxebizitza Sindikatua. Sustatzaileen hitzetan, etxebizitzaren alorrean esku hartzeko "tresna berria" da martxan jarri dutena: "Urteak dira Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik tresna ezberdinak sortzen hasi ginela erakundeetatik at antolatzeko eta etengabe kolpatzen ari diren bizi-baldintzen alde borrokatzeko. Esparru desberdinetan aritu gara lanean orain arte, Langile Autodefentsa Sare sortuz edo Oinarrizko Produktuen Biltegia irekita. Orain, beste pauso bat ematea erabaki dugu, etxebizitza esparruan ere esku hartuz". 

Bizi baldintzen okertzea "orokortua" dela azaldu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, eta haren hitzetan "gure eskualdea ez dago hortik salbu".  "Etxebizitzen prezioen igoera, gazteon emantzipaziorako zailtasunak, legez kanpoko etxegabetzeak eta etxebizitzen kalitatearen kaskartzea dira adibideetako batzuk", diote. "Jabe handiak eta errentariak ahaleginak egiten ari dira prezioak igotzeko eta jabetzak metatzen jarraitzeko eta geroz eta ohikoagoak dira legez kanpoko etxegabetzeak, alokairua eskuratzeko irizpideen zorroztea, legez kanpoko kontratuak edota etxebizitzen kalitatearen kaskartzea", egin dute azpimarra sindikatuko kideek. Hori dela eta, Etxebizitza Sindikatuaren aurkezpenean "eskualdeko datuak eta horien inguruko analisiak zein ondorioak" plazaratuko dituztela aurreratu dute, "eskualdeko errealitatea zertxobait gehiago ezagutzeko".

Etxebizitza Sindikatuko kideek herritarrei dei egin diete sindikatuan antolatzera eta aurkezpenera joatera: "Ezinbestekoa iruditzen zaigu errealitate honen aurka antolatzea eta etxebizitzaren esparruan jasaten ditugun eraso guzti horiek borrokatzea. Beraz, Etxebizitza Sindikatuan ekarpena egiteko deia luzatzen dugu, eta datorren asteetan egingo ditugun aurkezpenetan parte hartzera gonbidatzen dugu herritar oro".

Ekainean aurkeztu zuten Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista Bilbon (Bizkaia). Orduz geroztik tokian toki ari dira eratzen Etxebizitza Sindikatuak. Joan zen irailean, esaterako, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatua aurkeztu zuten. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide