Euskalgintzak deituta azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusa jarri dute

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 24a, 10:26

Azaroaren 4rako manifetazioa deituz maiatzean egindako agerraldia. (Euskalgintzaren Kontseilua)

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek zein Azkoitiko eta Zestoako euskara elkarteek antolatu dute. Azpeititik 15:15ean irtengo da, eta joan nahi dutenek Sanagustin kulturgunean dituzte txartelak. Era berean, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat leloarekin egingo den mobilizaziorako dei eginez argazki jendetsua aterako dute herrian urriaren 30ean, eta bertaratzeko gonbita egin dute euskalgintzako hainbat kidek.

"Euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sortaren aurrean" sortutako "kezkak" eraginda, Euskalgintzaren Kontseiluak, hainbat entitate eta norbanakoren babesarekin, adierazpena plazaratu eta nazio manifestaziorako deia egin zuen maiatzaren 10ean.

Azaroaren 4an izango da mobilizazioa Bilbon, 17:00etan Euskaldunatik abiatuta, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat leloarekin. Mobilizazioarekin bat egiteko deia zabaltzearekin batera, bertara joateko autobusak antolatu dituzte Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek zein Azkoitiko Maxixatzen eta Euskararen Aldeko Lanak Zestoan euskara elkarteek. Azpeititik 15:15ean irtengo da autobusa, anbulatorioaren aurreko geltokitik, eta joan nahi dutenek Sanagustin kulturgunean edo 688 78 00 24 telefonora deituta eskura ditzakete autobuserako txartelak, 5 euroren truke.

Azaroaren 4ko manifestazioa deitu ezkero ere iritsi dira euskararen erabilera mugatzen duten epai berriak. "Manifestazioa euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren testuinguruan kokatzen da, azkenaldian auzitegietatik areagotu egin baitira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak. Joan den astean bertan, adibidez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu dituela jakin zen", azaldu du Azpeitiko Udalak.

Argazki jendetsua

Udalaren deia ez ezik, Azpeitiko euskalgintzako hainbat kidek ere prestatu dute ekimen bat azaroaren 4ko manifestazioa dela eta. Hain zuzen ere, datorren astelehenean, urriaren 30ean, argazki jendetsua ateratzeko hitzordua jarri dute; 18:30ean elkartuko dira Azoka Plazan argazki hori ateratzeko, eta bertaratzera deitu dituzte nahi duten herritar guztiak.

"Azken boladan areagotu egin dira botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko epaiak. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira; bereziki, alor judizialean. Horren aurrean, mobilizazio soziala ezinbestekoa da", adierazi dute ekimenaren deitzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide