XIII. Tuba Jaialdia ospatuko dute ostiralean eta larunbatean

Intza Trula 2023ko urr. 25a, 10:00

Tuba Eguneko emanaldi nagusiko parte hartzaileak Azoka Plazan. (Artxibokoa)

Tempo di divertimento izenpean antolatu dute XIII. Tuba Jaialdia. Ostiral eta larunbat honetan izango da eta urtero legez musikaz gozatzeko beta izango dute herritarrek egun horietan. Antolatutako ekintza batzuetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea eta horretarako aukera bihar arte egongo da zabalik.

Ostiralean eta larunbatean egingo dute XIII. Tuba Jaialdia Tempo di divertimento izenpean. Ohikoa den moduan, jaialdiaren harira musikarekin lotura duten hainbat ekintza antolatu dituzte.

Horrenbestez, ostiralean, urriaren 27an, David Muñoz tuba eta bonbardino instrumentuen irakasleak emango dio hasiera jaialdiari, masterclass batekin. Ikastaro hau aire metalezko instrumentu guztientzat izango da. Beranduago, Kantujira taldeak eta jaialdiko antolakuntzak bat egingo dute emanaldi berezi bat eskaintzeko: Kantubajira, euskal kanta herrikoiak joko dituzte tuba eta bonbardinoaren doinuez jantzita. 

Hurrengo egunean, urriaren 28an, Tuba Eguna ospatuko dute. Hasteko, Tuba Gym saioa eskainiko dute Abel Fernandezek eta David Muñozek. Bertan, jolasean ariketa desberdinak egingo dituzte, musika tresnak hobeto lantzeko.

Horrez aparte, kontzertu berezi bat antolatuko dute egunean zehar, zuzendari gonbidatuekin: Unai Frantsezena Azpeitiko bandako Zuzendaria eta Gorka Mujika, Elgoibarko musika bandako zuzendariak, hain zuzen ere. Kontzertuan zehar Tuba Art jarduera burutuko dute ADI eskolako ikasleek eta irakasleek: kontzertuko momentuak irudikatuko dituzte margolanekin. Sortzen dituzten lan horiek ikusgai egongo dira uriarren 30etik azaroaren 13ra bitartean, Kulturgunean.

Ostiraleko masterclassean eta Tuba Gym saioan parte hartzeko izena eman behar da aurretik. Bihar arte egongo da horretarako aukera honako lotura honetan.

Honakoa da ostiral eta larunbateko egitaraua:

Ostirala, urriak 27
  • 17:00-19:00. Embocadura Vibrante, tecnicas aplicadas al control del aire y la vibracion masterclass saioa David Muñozen eskutik, Azpeitiko musika bandaren egoitzan.
  • 20:00. Kantubajira emanaldia Kantujira taldearen eta jaialdiko antolakuntzaren eskutik. Perez Arregi plazatik hasi eta Jose Artetxe kalean amaituko dute.
Larunbata, urriak 28, Tuba Eguna
  • 09:00. Tuba Gym saioa Abel Fernandezekin eta David Muñozekin, Azpeitiko bandaren egoitzan. Izen-ematea 25 euro izango da eta hamaiketakoa eta bazkaria eskainiko zaie parte hartzaileei.
  • 10:00. Kontzertu berezirako entseguak zuzendari desberdinekin.
  • 11:00. Hamaiketako elkartean.
  • 12:00. Entseguen jarraipena.
  • 14:00. Bazkaria Sanagustin Kulturgunean.
  • 16:00. Azken entseguak.
  • 19:00. Kontzertua Sanagustin Kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide