Azpeitian euskara taldea sortzeko bilera irekia egingo dute hilaren 30ean

Nerea Uranga 2023ko urr. 25a, 10:46

'Euskaraz bizi nahi dut' ekimenaren ekitaldi bat.

Herritar batzuk ari dira taldea sortzeko lanean, norbanako gisa. Haien ustez, euskara "kinka larrian" dago, eta kontzientzian oinarritutako "erreakzioa, aktibazioa" behar da Azpeitian ere. Astelehenean, 19:00etan, izango da bilera irekia Basazabal jauregian.

Azpeitian euskara taldea sortzeko asmoz, bilera irekia antolatu dute datorren astelehenerako, urriaren 30erako. Dagoeneko, herritar batzuk ari dira taldea sortzeko lanean, norbanako gisa.

Talde sustatzailearen ustez, "kinka larrian" dago euskara: "Erasoak jasotzen ditu, hizkuntza politikek ez dute ausardiarik, euskaltzaleek nerbioa galdu dute, kontzientzia galera dago, euskararen erabilera beheraka doa, esparru jakinen erdalduntzea eta abar".

"Egoera larri eta kezkagarriak" Azpeitian ere neurriak hartzea eskatzen du talde sustatzailearen ustez, "erreakzioa, aktibazioa; batik bat, kontzientzian oinarritutakoa". Ondorioz, "beharrezkoa" da haien arabera Azpeitian ere euskara taldea sortzea.

Bilera irekia urriaren 30ean, astelehenean, egingo dute, 19:00etan, Basazabal jauregiko bigarren solairuan. Interesa duten herritar guztiak deitu dituzte bileran parte hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide