Erremontea probatu nahi dutenek bihar dute aukera, finalaren aurretik

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 26a, 09:11

2019an egin zuten erremontea probatzeko lehen saioa. (Oriamendi)

Aldabe eta Juanenea Ezkurra II.arekin eta Martirenarekin lehiatuko dira Azpeitiko 22. Erremonte Txapelketaren finalean, 19:00etatik aurrera, Izarraitz pilotalekuan.

Bihar arratsaldean jokatuko dute Izarraitz pilotalekuan Azpeitiko 22. Erremonte Txapelketaren finala. 19:00etan hasita, Aldabe eta Juanenea Ezkurra II.arekin eta Martirenarekin lehiatuko dira.

Final handiaren aurretik, berriz, erremontea probatu nahi dutenei horretarako aukera emango die Oriamendi 2010 enpresak. 17:30etik aurrera, Izarraitz pilotalekuan bertan izango dute aukera hori, umeek zein helduek, eta pilotari profesionalak izango dituzte bidelagun. "Plastikozko zestoak eta pilota bereziak eramango ditugu haurrentzat; helduek, berriz, profesionalek erabiltzen duten materialarekin probatu ahal izango dute erremontean jolasten", azaldu du Xabier Gonzalez enpresaren arduradunak. Ostiral arratsalderako «plan polita» dela eta, frontoira azaltzeko deia egin die herritarrei.

Parte hartu nahi dutenek Ilunpe elkarteko kideei jakinarazi diezaiekete aurrez, baina izenik eman gabe azaltzeko aukera ere egongo da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide