Hileko azken ostiraletan egin ohi duten gisan, Azpeitiko Sarek deituta elkarretaratzea egingo dute bihar, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde. 19:00etan elkartuko dira plazan, eta elkarretaratzea amaitzean, Gotzon Aranburu preso azpeitiarra zoriontzeko argazkia aterako dute; izan ere, atzo Aranbururen urteak izan ziren, eta hari keinu bat egiteko probestuko dute biharko elkarretaratzea.
2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu, Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Aranbururi 35 urte eta hamabost eguneko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 20 urte daramatza espetxeratuta. Iaz Zaballara lekualdatu zuten, eta horren aurretik Dueñasko (Palentzia, Espainia) eta Villenako (Alacant) kartzeletan egona zen. Iaz 20 urte bete ziren hura espetxeratu zutela, eta manifestazioa egin zuten Azpeitian, Gotzon gurekin lelopean.