Joanes Antxietari buruzko mahai ingurua izango da bihar, haren heriotzaren 500. urteurrenaren bueltan

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 26a, 15:51

Joanes Antxietaren heriotzaren 500. urteurrenaren harira antolatutako ekintzen aurkezpena. (Aitziber Arzallus)

Pello Leiñena Eresebilen zuzendariak eta Ion Bagues zuzendari ohiak, Iñigo Alberdi Bilboko Koral elkarteko zuzendariak eta Ignacio Arakistain musikari eta ikertzaileak parte hartuko dute biharko mahai inguruan. 18:30ean hasiko da hitzaldia.  

Joanes Antxieta musikari urrestildarra hil zela 500 urte bete dira aurten, eta haren lana ezagutzera emateko hainbat ekitaldi antolatu dituzte urtea bukatu bitartean Azpeitiko Udalak, Eresbil musikaren euskal artxiboak, Donostiako Musika Hamabostaldiak eta musika gustuko duen herritar talde batek elkarlanean. Ekintza horien barruan, bihar, ostiralez, mahai ingurua eskainiko dute Pello Leiñena Eresebilen zuzendariak eta Ion Bagues zuzendari ohiak, Iñigo Alberdi Bilboko Koral elkarteko zuzendariak eta Ignacio Arakistain musikari eta ikertzaileak, Basazabal jauregian 18:30ean hasita. 

500. urtemuga oroitzeko antolatutako ekintzen barruan, Urrestillako San Joan jaietan, Joanes Antxietaren omenezko plaka bat jarri zuten Urrestillako plazan. Abuztuaren 18an, berriz, Antxietari buruzko kontzertua eskaini zuten Donostiako Musika Hamabostaldiarekin batera, Urrestillako elizan. Bihar, ostiralez, jarraituko dute antolatutako ekintzekin, eta azaroan zein abenduan ere izango da ekitaldirik. Besteak beste, azaroaren 18an V. mendeurren kontzertua (1523-2023) eskainiko dute Frantziskanetan, eta abenduaren 16an Joanes Antxietaren Sine nomine kontzertua emango dute 19:30ean, Soreasu Sebastian Donearen parrokian. Horiez gain, oraindik data zehatzik ez duen ekitaldi instituzionala ere egitekoak dira. 

Hona hemen ekitaldien xehetasunak: 

  • Urriak 27: Joanes Antxietari buruzko hitzaldia eta mahai ingurua. 18:30ean, Basazabal jauregian. Pello Leiñena Eresebilen zuzendaria eta Ion Bagues zuzendari ohia; Iñigo Alberdi Bilboko Koral elkarteko zuzendaria; eta Ignacio Arakistain musikari eta ikertzailea.

  • Azaroak 18: V. mendeurren kontzertua (1523-2023): Joanes Antxieta, Francisco de Peñalosa eta Juan de Urrede. 19:00etan, Frantziskanetako elizan. Parte hartzaileak: Vandalia ahotsak; Bilboko Koral lkarteko Euskeria Korua; Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatza; Azketa eta Parrokiko abesbatzak. Zuzendaria: Urko Sangroniz.

  • Abenduak 16: Joanes Antxietaren sine nomine kontzertua. 19:30ean, Soreasu Sebastian Donearen parrokian, Antxieta ahots taldearen eskutik. Tipleak: Maider Biguri, Lucia Gomez, Isabel Lacar. Altoak: David Azurza, Larraitz Gorriño, Mario Hernandez. Tenoreak: Xabier Barriola, Iñigo Vilas, Jon Zaldua. Baxuak: Xabier Sarasola, Miguel Angel Segarra, Ander Simal. Organista: Loreto Fdez. Imaz. Zuzendaria: Oscar Rodriguez.

  • Joanes Antxietaren omenezko ekitaldi instituzionala. Antxieta etxean plaka jarriko dute, kanta batzuk joko dituzte eta hitz batzuk egingo dituzte. Antxieta etxearen aurrean izango da, baina oraindik ez dituzte eguna eta ordua erabaki.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide