Mugen digitalizazioari buruzko bilerak egingo dituzte datorren astean

Intza Trula 2023ko urr. 27a, 15:53

Azpeitia. (Azpeitiko Udala)

Landa lurren mugak zehaztu, eguneratu eta digitalizatzeko lanetan ari da Azpeitiko Udala, mugen gaineko ezagutza bermatzeko asmoz. Gaiarekin lotutako bi bilera egingo dituzte azaroaren 8an, Azoka Plazako lehen pisuan.

Mugen digitalizazioari buruzko bi bilera antolatu dituzte datorren asterako. Izan ere, landa lurren mugak zehaztu, eguneratu eta digitalizatzeko lanetan ari da Azpeitiko Udala, mugen gaineko ezagutza bermatzeko helburuarekin.

Hain zuzen, azaroaren 8an, 11:00etan eta 18:00etan egingo dituzte bilerak, Azoka Plazako lehen pisuan. Udalerriko 02, 03, 04 eta 06 poligonoetako landa lursailen jabeak daude deituta bilkura horietara.

Lursailen jabeen batezbesteko adina altua da, eta udalak azaldu duenez "gero eta zailagoa da landa eremuko lursailen mugak identifikatzea eta zehaztea. Ondorioz, beharrezkoa da mugak eta mugarriak GPS koordenatuekin zehaztea".

Lanak behar bezala garatzeko, jabeen laguntza "ezinbestekoa" dela dio udalak: "Haiei dagokie lursailen mugak eta mugarriak zehaztea".  Jabeek edo haien oinordekoek landa-jabetzak ahaztu edo ezagutzen ez badituzte, "mugarriak eta mugak nahasgarriak izango" dira edo, besterik gabe, "desagertu egingo" dira, udalaren esanetan: "Horren ondorioz, zailagoa da mendia zaintzea, eta ondorio kaltegarriak eragingo ditu landa munduan".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia, Turismo eta Landa Ingurunearen Sustapenerako Departamentuak diruz lagunduta ari da Azpeitiko Udala digitalizazioa egiten eta jabeek ez dute ezer ordaindu beharko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide