Landa eremuetan zaintza lanetan jarduten dutenek ere auzo-taxia erabiltzeko aukera izango dute

Nerea Uranga 2023ko urr. 27a, 14:42

Nuarbe auzoa.

Landaguneetako herritarren eta leku toki horietan zaintzan lan egiten dutenen beharrak kontuan hartuta hartu du erabakia Azpeitiko Udalak. Auzo-taxi programaren erabiltzaile izateko eskaera egiteko epea zabaldu dute, baita gaur egun arte onuradun direnek berritzekoa ere.

Auzo-taxi programako onuradun izateko, orain arte ezinbesteko baldintza zen Azpeitiko auzo jakin batzuetan (Aratz-Erreka, Eizagirre, Elosiaga, Izarraitz, Loiola, Nuarbe, Matxinbenta, Odria, Oñatz, Oñatz bidea eta Urrestilla) erroldatuta egotea. Aurrerantzean, ordea, auzo horietan premia bereziak dituzten pertsonak zaintzen lan egiten dutenek ere izango dute aukera auzo-taxia zerbitzua erabiltzeko, baita Gizartze Zerbitzuen sailetik eratorritako kasuek ere.

Auzo-taxia zerbitzuan aldaketa hori landaguneetako herritarren beharrak kontuan hartuta erabaki du Azpeitiko Udalak. Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren esanetan, haiek behar dituzten zerbitzuak jasotzeko "erraztasunak jartzea da" udalaren xedea. Horrez gainera, zaintzan lan egiten dutenen beharrak ere izan dituzte kontuan, eta haiei ere erraztu nahi izan diete lanerako joan-etorria.

Auzo-taxi programaren onuradun izan nahi dutenek eskaera egin beharko dute (gaur egungo onuradunei ere berritzea dagokie). Horretarako, Azpeitiko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzura jo beharko dute edota eskaera modu elektronikoan aurkeztu beharko dute. Atzo zabaldu zuten eskaera egiteko epea.

Auzo-taxi programaren baldintzak

Auzo-taxi programaren onuradun izateko baldintzetako bat 12 urtetik gorakoa izatea da, eta ezin da eskola-garraio zerbitzua emateko erabili. Udalerri barruan egindako bidaiek (norbere etxetik erdigunera edo alderantziz) izango dute laguntza. Bidaia horiek Azpeitiko taxi-lizentzia izan eta Azpeitiko Udalarekin hitzarmena sinatuta duten taxilariekin egin beharko dira.

Ordutegi zehatza ere badu auzo-taxi zerbitzuak: astelehenetik ostiralera, 07:30etik 20:30era, eta larunbatetan, 09:00etatik 20:30era. Igandeetan eta jaiegunetan egindako bidaiak ez dira diruz lagunduak izango, ezta abuztuan egindako bidaiak ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide