Landan Ekin sariak jaso dituzte hiru azpeitiarren proiektuek

Nerea Uranga 2023ko urr. 28a, 09:15

Landan Ekin sarien banaketa. (Urkome)

Landan Ekin ekintzailetasuna eta elkarlana sustatzeko egitasmoaren lehenengo edizioko sariak banatu ditu Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak. Guztira, 28 proiektu aurkeztu dira sarietara, eta Sakona etxaldearen, Ane Aranbururen eta Amaia Alberdiren egitasmoak izan dira sarituetako hiru.

Landan Ekin izeneko egitasmo berria sortu du Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, beste hainbat eragilerekin batera. Egitasmoaren helburua da landa ingurunearen dibertsifikazioan eta enplegu sorreran sakontzea eta lehen sektorea indartzea. Xede horrekin lehen sektoreko eta elikadura balio kateko pertsona fisikoei eta juridikoei, elkarteei edo eragileei zuzendutako Landan Ekin sariak sortu dituzte. Urriaren 11ra bitartean aurkeztu behar ziren sarietarako egitasmoak, eta guztira, 28 proiektu jaso dituzte.

Landaolak atzo eman zituen sariak sei ataletan banatuta, eta atal bakoitzeko irabazleak 2.500 euroko saria jaso zituen, eta Rural Talent ataleko saritu bakoitzak 1.000 euro eta 35 orduko formazioa jasotzeko aukera. Landan Ekin sarien antolatzaileak gustura agertu dira, eta zoriondu egin dituzte parte hartzaile guztiak. "Lehenengo edizioa izateko proiektu kopuru handia aurkeztu da, eta gazteen eta emakumeen parte hartze handia izan da", esan du Landaolak.

Gazte Ekintzaile saria jaso du Sakona Etxaldeak, ekoizpen ekologikoan oinarritutako behi eta latxa ardi esneen nahasketarekin formatu handiko gazta baten garapena eginez dibertsifikatzeko egindako apustuagatik.

Rural Talent ekintzaile sarietan bi azpeitiarrek proiektuak saritu dituzte: Ane Aranbururen Gaztaintxulo haurrei zuzendutako heziketa egitasmoa eta Amaia Alberdiren Artamugarri baratze, denda eta formakuntza proiektua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide