"Egungo testuingurua ulertzeko" hainbat gai jorratuko ditu Adrian Zelaiak asteartean eskainiko duen hitzaldian

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 29a, 09:42

Adrian Zelaia, Ekai Centerreko kidea (Unibertsitatea.net).

Ekai Centerreko kidea da Zelaia, eta hark gidatuko du solasaldia 19:00etan hasita, Azoka Plazako aretoan. Euskaraz izango da, eta doan. "Gertatzen ari denaz" jabetzeko baliatu nahi du hitzaldia Azpeitia Eragile taldeak. Besteak beste, "posmofeminismoa, ekologismo korporatiboa, jaiotza tasen gainbehera, hedabideen kontrol korporatiboa eta faxismoa" izango dituzte hizpide. 

Azpeitia Eragile taldeak antolatuta, Zer gertatzen ari da? Korporatibismoa, neonazismoa eta eredu emergenteak izeneko hitzaldia eskainiko du Adrian Zelaiak asteartean, hilak 31, Azoka Plazako aretoan, 19:00etan hasita. Ekai Centerreko presidentea da Zelaia eta EHUko irakaslea ekonomia aplikatuan.

Hitzaldiaren antolatzaileek azaldu dutenez, "Zer gertatzen ari da?" galderatik abiatuta, gaur egungo testuinguruaz jabetzeko baliatu nahi dute hitzaldia. Hain zuzen, eta beste gai batzuen artean, "posmofeminismoa, ekologismo korporatiboa, jaiotza tasen gainbehera, hedabideen kontrol korporatiboa eta faxismoa" izango dituzte hizpide.

Hori dela eta, hainbat galdera mahaigaineratuko dituzte solasaldian zehar: "Gizartean hedatu diren balio eta ideologia postmodernoak, gehiengoaren interesekoak edo interes korporatibo zehatzei erantzuten die? Katastrofismo klimatikoak edo ekologismo korporatiboak zer du atzean? Jaiotza tasaren gainbehera zerk eragin du? Antinatalismoak? Nola erabiltzen dituzte interes korporatiboetarako hainbat gizarte mugimendu? Posmofeminismoa, gutxiengo sozialen babeserako mugimenduak, edo migrazio masibo honen atzean, zer dago? Nola hedatzen dituzte balio hauek gizartean? Zertarako hedabideen kontrol korporatiboa? Europaren desindustrializazioa, erregaien prezioen gorakada, zergatik? Nazio edo komunitateen desegitea, distantzia soziala, globalismoa, faxismoa edo nazismoa. Non dute jatorria? Nola ikusten dira mendebaldeko balio hauek kanpoko herrialdetatik? Nola eragingo dute balio hauetan aldaketa geopolitiko berri hauek guztiak?". 

Horrenbestez, "ikusi nahi duen orori" "teloiaren atzean zer dagoen" erakutsi nahi diote Azpeitia Eragile taldeko kideek, "egoeraz jabetzen hastea, gainditzeko lehen urratsa baita".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide