Garaipena eta berdinketa etxean Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 30a, 12:27

Lagun Onak eta AƱorgaren arteko partida Garmendipen. (Ander Uria)

Hirugarren Mailan 3-1 menderatu zuen Fagoagaren taldeak Añorga, eta sailkapenaren buruan jarraitzen du. Ohorezko Erregional Mailan, berriz, 1-1 berdindu zuen Intxaurdirekin Eguzkiñe Peñak gidatzen duen taldeak.

Etxean aritu ziren asteburuan Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiak, eta jokoan zeuden sei puntuetatik lau gelditu ziren Azpeitian.

Altxor handiena, hiru puntu, Hirugarren Mailako taldearentzat izan zen, Añorgari 3-1 irabazita. Sailkapenaren beheko postuetan dabilen taldea hartu zuen Lagun Onakek Garmendipen zapatuan, baina etxekoek motel ekin zioten neurketari eta Añorga izan zen nagusi lehen hogei minutuetan. Hortik atsedenaldira bitartean, ordea, berpiztu zen Iban Fagoagaren taldea. Erasoaldiak bata bestearen atzetik etorri ziren, baita lehen bi golak ere, biak baloi geldiak baliatuta: 34. minutuan egin zuen lehendabizikoa Haitz Lopezek, Alain Letek kornerretik erdiratutako baloia buruz errematatuta; eta atsedenaldia iristear zela, 44. minutuan, Jagoba Erdoziak Gorka Amutxastegiri egindako penaltia sareratu zuen. Horrela, markagailuan tarte polita irekita ekin zion Lagun Onakek bigarren zatiari, baina partida hasieran bezala, motel itzuli ziren aldagelatik zelaira Azpeitikoak, eta Añorgak aldea murriztea lortu zuen bigarren zatiko lehen jokaldian. Kolpeak ez zion gehiegi erasan etxeko taldeari. Defentsan sendo eta aldaketek hauspotuta, jokoan nagusitzen joan zen pixkanaka Lagun Onak. Erdoziaren gol aukera garbi baten ondoren, Erdoziak berak emandako baloia baliatu zuen Ander Bengoetxeak zelairatu berritan, 81. minutuan, eta hor bukatu ziren zalantza guztiak. Ligako lehen zortzi jardunaldiak osatuta, galdu gabe jarraitzen du Lagun Onakek; sei garaipenekin eta bi berdinketarekin, 20 puntu ditu eta sailkapenaren buruan dago. Basconiaren zelaian jokatuko du hurrengo neurketa.

Ohorezko Erregional Mailan, berriz, puntu bakarra batu zuen atzo Lagun Onakek, sailkapenean paretsu dabilen Intxaurdirekin bana berdinduta. Hasi eta berehala okertu ziren gauzak Lagun Onakentzat, 4. minutuan iritsi baitzen Intxaurdiren gola. Hasiera kaxkarrari buelta ematen asmatu zuten, ordea, Eguzkiñe Peñaren emakumeek. Presioan eta defentsa lanean oinarrituta, aurkaria aukerarik gabe utzi eta jokoan nagusitzen joan ziren etxekoak. Lan onak markagailuan ere izan zuen oihartzuna, eta 1-1ekoa egin zuen Mariak 32. minutuan, kornerretik egindako erdiraketa bat baliatuta. Bigarren zatian pauso bat aurrera egin zuten Intxaurdikoek, eta Lagun Onak sendo aritu zen defentsan ia amaiera arte. Izan ere, azken minutuetan hautsi egin zen partida, kanpokoak bigarren gola egiteko zorian izan ziren 89. minutuan, baina Laura atezainak erantzun bikaina eman zion Intxaurdikoen falta jaurtiketa arriskutsuari. Neurketa bukatu ondoren iritsi zen eguneko une hunkigarria: lesio baten ondorioz hilabete batzuk zelaietatik urrun ibiliko den Maite Agirre taldekidea inguratu, eta txalo zaparrada eskaini zioten zelaian bertan Lagun Onakeko kideek. Sei jardunaldi jokatuta, bina garaipen, berdinketa eta porrot sinatu ditu Lagun Onakek, eta hamargarrena da sailkapenean, sei punturekin. Datorren jardunaldian etxean ariko da berriro Peñaren taldea eta Antiguoko hartuko du, sailkapeneko bigarrena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide