Ireki dute 2023ko Kirol Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea

Nerea Uranga 2023ko urr. 31a, 10:00

2022ko Azpeitiko Kirol Sarietan saritutakoak.

Azpeitiko Udalak, Kirol Mahaiaren lankidetzarekin, abenduan banatuko ditu Kirol Sariak. Proposamenak kirol taldeek nahiz norbanakoek egin ditzakete azaroaren 15era arteko epean.

Azpeitiko Udalak, Kirol Mahaiarekin lankidetzan, 2023ko Kirol Sariak banatuko ditu abenduan, urtero ohi bezala. Orain, azaroaren 15era bitartean, hautagaiak aurkezteko epea ireki du. Proposamenak kirol taldeek nahiz herritarrek egin ditzakete.

Kirol Sarietarako proposamenak egiteko bi bide jarri ditu udalak: posta elektroniko bidez, kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita, edo telefonoz, 943-15 00 95 zenbakira deituta.

Hiru sari banatuko ditu udalak Kirol Sarietan: Urteko Kirolaria saria gizonen eta emakumeen kategorietan eta Urteko Boluntarioa saria (norbanakoa edo taldea izan daiteke).

Jasotako hautagaien proposamenekin zerrenda bat osatuko dute, eta, ondoren, botoa emateko epea irekiko du udalak: azaroaren 20tik azaroaren 26ra bitartean. Igerilekuan eta kiroldegian jarriko dituzten buzoietan, posta elektroniko bidez edo telefonoz eman ahal izango dute botoa herritarrek, eta kirol klubek posta elektroniko bidez eman beharko dute botoa.

Kirol Sariak banatzeko ekitaldia, berriz, abenduaren 16an izango da, 12:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide