Horixe da gaur egungo politikari darion usaina, miseriaren usaina dario. Adimen finik eduki beharrik ez dago horretaz jabetzeko, ezta zehaztasunez aztertu beharrik ere. Pixka bat begiratzea nahikoa da azken boladan "gu ordezkatzen" gaituzten politikariek egin dituzten erreformak nora garamatzaten jabetzeko.
Estatu mailan inflazioari aurre egiteko neurri gisa produktu batzuei BEZa kentzea izan da neurrietako bat. Horrek prezioak jaitsi beharrean enpresen irabaziak handitu besterik ez ditu egin. Adibidez, Eroskik aurreko urte osoan baino irabazi handiagoak izan ditu 2023ko lehen hiruhilekoan.
EAE mailan DSBE (RGI) jaso ahal izateko kontrol baldintzak handitu dira, Lanbidek bere polizia propioa du dagoeneko, bizi bitartekorik ez dutenen etxeetan sartu (behartuta) eta laguntza horiek merezi dituzten edo ez aztertzeko.
Azpeitiko Udalari buruz ere badago zer esana. Diru laguntzak jaso ahal izateko errolda sozialen ukatzea, udaletxeko elikagai bankutik elikagaiak hartzea ukatzea edota bizi ahal izateko diru laguntzak derrigorrezko dituztenak miseriara kondenatzea dira, udalaren hitz politen atzean ezkutatzen den funtzionatzeko modua.
Erreforma horiek eta instituzio horien logika, egun bizi dugun krisi ekonomikoari zuzenean lotuta daude.
Argi dago, enpresak eta instituzioek elkar hartuta miseriara kondenatuko gaituztela. Langileok honi aurre egiteko antolatzea beste aukerarik ez dugu, batu borrokara!