Ehundik gora herritarrek babestu dute azaroaren 4ko manifestazioa

Nerea Uranga 2023ko urr. 31a, 09:43

Euskararen kontrako oldarraldi judizialaren aurkako agerraldia atzo, Azpeitiko Azoka Plazan.

Euskararen kontrako oldarraldi judizialaren aurka egin dute Azpeitian, eta Euskalgintzaren Kontseiluak larunbaterako Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egin dute Azoka Plazan egindako agerraldian. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean egingo dute mobilizazioa. Herriko hainbat eragilek ere atxikimendua agertu dute. Zapatuan Bilbora joan nahi dutenek etzi arte salgai dituzte autobuseko txartelak Sanagustinen.

Ehundik gora herritar eta "euskararen sustapena helburu edo bide duten" Azpeitiko hainbat eragiletako ordezkariak bildu ziren atzo arratsaldean Azoka Plazan, euskararen kontrako oldarraldi judizialaren aurka egiteko, eta Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste hainbat eragilek larunbaterako Bilbon deitu duten manifestazioari babesa adierazteko. "Azpeitian ere kezka handia daukagu euskararen kontrako oldarraldi judizialagatik, larrituta gaude, eta hori dela-eta egin dugu gaur agerraldia eragileok eta herritarrok. Hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko epaiak plazaratzen ari da botere judiziala, eta 'nahikoa da!' esateko bildu gara Azoka Plazan", adierazi zuten agerraldian.

Euskal Herrian edozein alorretan euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu zuten atzo agerraldian bildutakoek, eta horretarako euskararen aurkako neurriei aurre egiteko "ausardia politikoa eta mobilizazio soziala ezinbestekoak" direla adierazi zuten. "Euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubidea dugu, eta hori ahalbidetzeko neurriak hartzen gabiltza. Baina ez gara euskaldun ez direnen eskubideak murrizten ari. Eragile politikoak eta judizialak guri, euskaldunoi, ari zaizkigu eskubideak kamusten edo zapaltzen. Euskal hiztunon kontrako oldarraldi betean gaude. Beraz, ezinbestekoa da euskararen aurkako neurriei aurre egiteko ausardia politikoa eta mobilizazio soziala izatea".

Oldarraldiaren aurka, euskararen sustapena helburu edo bide duten Azpeitiko eragileen atxikimenduak:

  • Azpeitiko Udala.
  • Azpeitiko EH Bildu.
  • Azpeitiko EAJ.
  • Azpeitiko Gure Esku.
  • Elkar-ekin. 
  • Kulturaz kooperatiba.
  • Erniarraitz bertsozale elkartea.
  • Mintzapraktika taldea.
  • Urolako Komunikazio Taldea (UKT).
  • Urolakoen Napar Zuzterrak.
  • Herriko ikastetxeetako ordezkariak: Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Urola BHI Ikastola eta Iraurgi Ikastetxea.

Bilboko larunbateko manifestaziorako autobusa

Datorren larunbatean (azaroak 4), Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean, nazio manifestazioa izango da Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta; 17:00etan abiatuko da Euskaldunatik. Manifestaziora joateko autobusa egongo da Azpeititik. 15:15ean irtengo du anbulatorio aurreko geltokitik. Sanagustin kulturgunean edo 688 78 00 24 telefono zenbakira deituta har daitezke autobuserako txartelak, 5 euroan. Autobuserako txartela eskuratzeko azkenengo eguna etzi, osteguna, azaroaren 2a, izango da.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek eta Azkoitiko eta Zestoako euskara elkarteek antolatu dute autobusa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide